Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea ireki dute

Iazko kartela
BERMEOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 24 mayo 2017 17:35

BILBO, 24 May. (EUROPA PRESS) -

Bermeoko (Bizkaia) 2017ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea irekita dago ekainaren 22ra bitartean. Aurkeztutako lanen artean hautatuko da jaietako egitaraua eta kartela bera egiteko erabiliko dena, Bermeoko Udalak jakinarazi duenez.

Kartela Bermeoko jaietako adierazle izan behar da, eta testu hau jaso: "BERMEOKO JAIAK 2017. Irailaren 7tik 16ra". Lanak Bermeoko Gizarte eta Kultur Etxean aurkeztuko dira, izenburuarekin eta egilearen sinadurarik gabe. Izenburu bera daraman gutunazal itxi batean, egilearen datuak adieraziko dira.

Lehiaketako oinarriei dagokienez, lanek derrigorrez 52x70 cm neurrikoak izan behar dute, eta nahi den beste kolore eta edozein teknika erabili ahal dira. Lana euskarri gogor bati lotuta edo euskarri informatikoan (CD batean) aurkeztu ahal izango da, hiru digitalizazioekin: lehenengoa 200 kb-ko JPG, bigarrena Mb1-eko JPG eta azkena 52 x 70 cm-ko erresoluzio altuko PDF, gutxienez 300 ppko bereizmenarekin eta CMYK.

Bestalde, irabazlea nor den jakin arte, parte hartzaileek ezin izango dute kartelen egileen nortasunik publikoki ez sare sozialetan adierazi; egitekotan, kanporatu egingo dira. Halaber, ez dira onartuko arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten duten kartelak. Bermeoko Udalak kartelean aldaketak egitea eska dezake.

Epaimahaia jai batzordeko eta artearen munduko herriko kideek osatuko dute. Aurkeztutako kartel guztiak ikusiko ditu, eta horien artean finalistak aukeratu. Hautatutako kartel finalistak ekainaren 23an jakinaraziko dira eta on line eta Gizarte eta Kultur Etxean ekainaren 26tik uztailaren 5era ikusgai izango dira.

Ondoren, irabazlea aukeratzeko prozesua herritarrei zabalduko zaie bi modutan: Gizarte eta Kultur Etxean jarriko den kutxan botoa emanez edo Internet bidez. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dute eta Internet bidez jasotakoek %30ekoa. Irabazlea puntuazio gehien jasotzen duen kartela izango da. Hala ere, herritarren bozketan arazorik balego, irabazlearen aukeraketa epaimahaiaren eskuetan geratuko da.

Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa. Sarituak izan ez diren lanak batzeko epea uztailaren 10etik irailaren 30era arte izango da. Lehiaketan parte hartzeak, baldintza guztiak onartzen direla esan nahi du.