Bermeoko Udalak eta EHUk hitzarmena sinatu dute Alde Zaharra biziberritzeko planaren barne

Beruala eta EHUren arteko hitzarmena
BERMEOKO UDALA
Actualizado: martes, 23 mayo 2017 15:16

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Beruala Bermeoko Hirigintza Berriztatzeko Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak hitzarmen bat izenpetu dute Bizkaiko herriko Alde Zaharra Biziberritzeko Planaren barne. Hitzarmenaren bitartez, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak ideia lehiaketa batean parte hartzea proposatu zien hirugarren mailako ikasleei, Bermeoko Alde Zaharrean hutsik dauden orubeetan proiektuak lantzeko.

Hitzarmenaren berri eman dute astearte honetan prentsaurrekoan Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Irune Ormaetxea Hirigintza eta Turismo zinegotziak, Santi Murua Berualako zuzendariak, Juanjo Agirrezabalaga EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko zuzendariak eta Ibon Telleria eta Mikel Larretxe EHUko irakasle eta proiektuaren arduradunek.

Ormaetxeak azaldu duenez, hitzarmenaren bidez, otsailetik maiatzera arte, EHUko Arkitekturako Eskolako 120 ikaslek Bermeoko Alde Zaharreko 19 orube hutsetan proiektuak landu dituzte.

EHUko Donostiako Arkitekturako Eskolatik hainbat ikasle eta irakasle Bermeon izan ziren ziren urtarrilean, Alde Zaharra ezagutzeko eta bertan hutsik dauden 19 orubeak ikusteko. Joan den astean ikasleek landutako proiektuen aurkezpena egin zen Donostiako Fakultatean, eta aurkeztutako 120 proiektuetatik aukeraketa bat egin da.

Aukeratutako lanekin Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan erakusketa bat egingo da ostiral honetatik, maiatzaren 26tik, ekainaren 4ra bitartean. Erakusketa horretan maketa eta informazio taulekin osatutako 40 lan inguru ikusteko aukera izango da.

Muruak adierazi du plan bereziaren berrikusketa egiterako orduan "interesgarria" izango dela lan horiek kontuan hartzea. Dena den, argitu du proiektu horiek ez dutela "inolaz ere" orubeen jabeei eta Bermeoko Udalari ezer egitera behartuko.

BIZIBERRITZEKO PAUSOAK

Bermeoko alkateak azaldu du ekimena Alde Zaharra biziberritzeko pausoen barne dagoela. "Hainbat ekimen egin ditugu jadanik, besteak beste, Hurtado Mendozako gune hutsaren berreskurapena partaidetza prozesu baten bidez, lokal hutsen egoeraren azterketa, Alde Zaharreko lore eta argazki lehiaketa, kaleko artearekin muralak margotu, 'food truck', eta ostalari eta dendarien dinamizazio lana. Orube hutsetan arkitektura ikasleek bere proiektuak lantzea beste pauso bat da Alde Zaharra indarberritzeko lan horretan", azaldu du.

Elkarlana "aberasgarria" izan dela azpimarratu dute Bidegurenek eta Agirrezabalak. Etorkizunean ere Bermeoko Udalak eta EHUk horrelako ekimenetan parte hartu ahal izatea espero duela gaineratu du Bermeoko alkateak.