Bermeoko Udalak 'Hitza' egunkariko 110 harpidetza egin ditu leku publikoetan banatzeko

Hitza egunkariarekin hitzarmena sinatu du Bermeoko Udalak
Foto: BERMEOKO UDALA
Actualizado: jueves, 27 febrero 2014 13:54

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Bermeoko Udalak (Bizkai) 'Hitza' egunkariarekin hitzarmen bat sinatu du, euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko helburuarekin,  eta horren barne, 'Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza' egunkariko 110 harpidetza egitea adostu du udalerriko leku publikoetan banatzeko.

   Horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan Josu Unanue alkateordeak eta Euskara Saileko zinegotziak, Maite Alvarez Euskara teknikariak, Oihana Cabello 'Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza'-ko zuzendariak eta Ama Lur Bedialaunetak 'Hitza'-ko kudeatzaileak.

   Helburua bikoitza dela azaldu dute Unanuek eta Alvarezek; alde batetik, euskararen alde egitea eta, bestetik, euskarazko irakurketaren aldeko pauso bat ematea, "Hitza-n herritarrek hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera dutelako, eta euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea da xedea".

   Alvarezek adierazi duenez, 110 harpidetza hauek udal eraikinak diren Liburutegian, Kultura eta Gizarte Etxean, Berhazen, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren egoitzan, Zaharren egoitzan eta Musika Eskolan banatuko dira. Horrez gain, medikuntza zentroetan, fisioterapia zentroetan, ile apaindegietan, aseguru etxeetan, tabernatan, Erroxape Emakumeen Elkartean eta anbulatorioan ere banatuko dira.

   "Itxaron gelak dituzten lekuak aukeratu dira, izan ere, herritarrek toki hauetan irakurtzeko ohitura izaten dute eta horietan euskarazko hurbileko informazioa irakurtzeko aukera ematea, oso positiboa dela uste dugu aipatutako helburuak lortzeko", nabarmendu du.

   Unanuek adierazi dutenez, harpidetza hauek eginda Bermeoko Udalak euskarazko irakurlezaletasuna bultzatu eta euskararen normalizazioa begirako lanean jarraitu nahi du.