Bermeoko Udalak salatu du Bizkaiko Aldundiak Bizkaibus A3527 linearen maiztasuna handitzeari uko egin diola

Bizkaibuseko unitate bat
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 7 junio 2017 13:45

BIBO, 7 (EUROPA PRESS)

Bilbo eta Bermeo Sollubetik lotzen dituen Bizkaibus A3527 lineak ordu erdian behin zerbitzua eskaintzea eskatu zion joan den apirilean Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailari, eta udalak salatu du foru erakundeak ezezkoa erantzun diola eskaerari, "Bermeok dagoeneko garraio publikorako eskaintza handia duela argudiatuz".

"Erantzun horren aurrean gure desadostasuna agertu nahi dugu, guk egindako eskaera garraio publikoa erabiltzen duten herritarren eskari bat delako", salatu du Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Ildo horretan, azaldu duenez, Bermeoko herritarrek sinadurak bildu zituzten linea horren maiztasuna handitzeko, eta 1.749 herritarrek sinatu zuten eskaeraren alde. Eskaera hori Bermeoko Udalak Bizkaiko Aldundiari helarazi zion, eta idatziz jasotako erantzun batean, ezezkoa eman dio foru erakundeak udalari.

"Garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta bere aldeko benetako apustua egiteko autobusen maiztasuna herritarren beharrizanetara egokitzea ezinbestekoa da. Horregatik, herritarren eskaera luzatu genion Bizkaiko Foru Aldundiari, baina, zoritxarrez, bermeotarrek duten beharrizanari jaramonik ez egitea erabaki du", adierazi du.

Bermeoko alkateordearen hitzetan, "albiste txarra da zerbitzu hori erabiltzen duten bermeotarrentzat eta garraio publikoaren kalitatearentzat".