Bertsolamintza jardunaldiek Durangon (Bizkaia) dute hurrengo hitzordua ostegunean

Actualizado: lunes, 7 marzo 2011 14:57

BILBO, 7 Mar. (EUROPA PRESS) -

Egoitz Aizpurua gai-jartzailea eta Ibon Arrizabalaga berdintasuneko teknikaria izango dira protagonista ostegun honetan Bertsozale Elkarteak antolaturiko Bertsolamintza jardunaldien laugarren edizioan. Durangoko (Bizkaia) Plateruena Kafe Antzokian izango da hitzordua, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Bertsolazale Elkarteko iturriek prentsa ohar bidez adierazi dutenez, gai-jartzailearen jardunak eta gaiek bertsolaritzan duten eraginaz arituko da Egoitz Aizpurua, "Gai-jartzailea emagin? Zenbateraino markatzen du gaiaren ikuspegiak eta tonuak ondorengo bertsoaldia?" izenburupean, eta genero rolak izango ditu hizpide Ibon Arrizabalagak "Gorbata ala amantala erantzita... andre-gizonak bertsotan biluzik?" izenburuko mintzaldian.

Hitzaldien ostean, Onintza Enbeitak gidatuta, publikoari irekitako mahai-ingurua izango da, eta 20:30ak aldera bertso saio esperimentala gidatuko du Egoitz Aizpuruk; Jon Maia, Iker Zubeldia, Onintza Enbeita eta Ainhoa Agirreazaldegi izango dira bertsolariak. Sarrera doan izango da eta www.bertsoa.com atarian zuzenean jarraitu ahal izango da.