Bertsolaritzaren liburutegia sarean jarri du Xenpelar Dokumentazio Zentroak

Publicado: lunes, 23 enero 2017 17:41

BILBO, 23 Ene. (EUROPA PRESS) -

Xenpelar Dokumentazio Zentroak Interneten jarri du bertsolaritzaren liburutegia, http://bdb.bertsozale.eus/web/liburutegia/bilaketa helbidean. Bertsolaritzari buruz idatzi den gehiena aurkitu ahal izango da bertan, eta horrela, 548 liburu eta artikulu sarean bertan irakurtzeko eran daude eta gainerakoak, paperezkoak, dokumentazio zentroan kontsulta daitezke.

Bertsolaritzari buruz argitaratutako liburu eta aldizkariekin, 1991tik aurrera liburutegia antolatu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak. Ordutik hona lan ugari bildu da, bai bertsolaritzaren inguruan, baita ahozkotasunaren eta munduko kantu inprobisatuen inguruan ere.

Liburutegian jasotako ikerketa eta bestelako lanak edozeinen eskura daude dokumentazio zentroan bertan, baina orain arte, baliabide faltagatik, ezin izan da Interneten ikusi liburutegiari buruzko informaziorik. Azkenean, aurten lortu da liburutegiko katalogoa Bertsolaritzaren Datu Basean txertatuta Interneten erakustea.

Xenpelar zentroaren arduradunen esanetan, munduko kantu inprobisatuen inguruko argitalpenak biltzeko ahalegina ere egin da, eta munduan zehar bidaiatu duten bertsozaleen laguntza ezinbestekoa izan da liburutegian eskaintzen diren hainbat herrialdetako kantu inprobisatuei buruzko liburuak eskaini ahal izateko. Guztira, ia 6.600 lanei buruzko datuak eskaintzen dira.

Bertsolaritza eta kantu inprobisatuei buruzko ikerketak laguntzeko asmoz, datu base akademikoetan gai honi buruz dauden artikulu eta liburuen erreferentzia bibliografikoak ere jaso dira. 900 argitalpenen berri bildu ahal izan da, eta etorkizunean bilketa honekin jarraituko du Xenpelarrek, Kulturartea Mapa egitasmoa aberastuz eta bertsolaritza munduan kokatzeko ahalegina eginez.

Liburutegia datu basearen erabilera errazteko asmoz, emaitzen zerrendak gehiago zehazteko filtroak eskaini dira: on line irakurri daitezkeenak edota formatu motaren eta egilearen araberako emaitzak zorroztu daitezke. Era berean, liburutegiko datuak modu estandarretan eraiki eta aurkeztu dira; hala, ikertzaileek normalean erabiltzen dituzten programetara datuak esporta ditzakete.

Aurrera begira, liburutegian hainbat hobekuntza egin nahi dira: liburuen mailegu sistema ezartzeko baliabideak bilatu nahi dira, eta udal liburutegien zerbitzuarekin bateratzeko aukerak aztertu, erabiltzaileei erraztasun handiagoak emateko.