Bexen Cardio euskal enpresak aliantza egin du Jiangsu Rixin Medical Equipment txinatarrarekin

Bi enpresen arduradunek CMEF azokan
@HUANGFEI
Actualizado: jueves, 1 junio 2017 13:11

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Mondragon Korporazioko Bexen Cardio euskal enpresak eta Jiangsu Rixin Medical Equipment txinatarrak 'joint venture' bat eratu dute larrialdi medikoen ekipamenduen sektoreari irtenbide integralak eskaintzeko. Aliantzaren sinadura maiatzaren 17an egin zen, Shanghain maiatzaren 15etik 18ra bitartean egin zen CMEF Ekipamendu Medikoen Nazioarteko Azokan, non Bexen Cardiok "presentzia nabarmena" izan zuen.

Enpresa lankidetzaren hitzarmena sinatzera joan ziren Mondragoneko Ekipamenduen Dibisioko lehendakariorde Juan Angel Garcia eta Jiangsu Rixin Medical enpresako lehendakari Zhou Jiang Ping, Mondragon Korporazioak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Enpresa berriaren egoitza Zhangjiangang hirian egongo da, Jiangsu probintzian, eta Asiako hego-ekialdeko operazio zentroa izateko hornitu da. 'Joint venture' berria sei urte baino gehiagoko lankidetzaren emaitza da, txinatar bazkideak lankidetza aktiboa izan baitu Bexen Cardiorekin produktuen gama osoa CFDA zorrotzean erregistratu ahal izateko (Chinese Food and Drugs Administration).

Proiektu estrategikoa da, merkatuko sinergiak baliatzeko Bexen Cardioren eta Txinako bazkidearen artean. Jiangsu Rixin Medical Equipment etxea EMS sektoreko (Emergency Medical Services) Txinako liderra da ohatilen fabrikazioan eta ekipamenduan.

Hitzarmenaren ondorioz, bi enpresek soluzio integralak eskainiko dizkiote larrialdi medikoen ekipamenduaren sektoreari. Bexen Cardiok bere elektromedikuntzako produktuen katalogoa eskainiko du, eta Jiangsu Rixin Medical ohatilen eta anbulantziako ekipamenduen gama zabala.

Horrenbestez, Mondragonen arabera, Bexen Cardiok "nabarmen" indartuko du txinatar merkatuan duen presentzia. Euskal enpresak hainbat urte daramatza Txinan lanean, eta aurten ere izan da CMEF nazioarteko azokan; Asiako ekipamendu medikoaren sektorearen erreferentzia da azoka hori, eta bertan bere standa izan du, azken belaunaldiko monitorizazio eta
desfibrilazio ekipamenduak aurkezteko.

BEXEN CaARDIO

1980an sortu zenetik, Osatu S. Coop. kooperatibak ekipamendu elektromedikoak diseinatu, fabrikatu eta komertzializatzen dihardu, Bexen Cardio marka komertzialarekin, kardiologiaren eremuaren barruan. Bexen Cardio DEA desfibriladore eta monitore desfibriladoreen estatuko fabrikatzaile bakarra da, eta datozen urteetarako duen helburua da merkatu nitxo horretan erreferentzia izatea. Konpainiak 45 lanhgile ditu, horietatik %30 I+G arlokoak, eta gehienak ingeniariak dira edo goi mailako ikasketak dituzte.

"Berrikuntza inplizitua" da Bexen Cardio markan, eta "etorkizuneko garapenerako giltza". Horregatik, salmenta zifraren %20 baino gehiago I+G+B arloan inbertitzen du etengabe, eta lankidetza sendoa mantentzen du ezagutza sare zabal batekin, hala nola unibertsitateekin, zentro teknologikoekin, osasun erakundeekin eta profesional medikoekin.

Gaur egun, Bexen Cardiok bere salmenta guztien %85 esportatzen du, eta bere banatzaile sarearen bitartez ehun herrialde baino gehiagotara
iristen da. Oraingo ezarpen berriak indartu egingo du Txinako merkatuan duen posizioa, eta 2016an ireki zen Bexen Cardio Italiari gehitu zaio.