Bi enpresa berri ezarri dira Eibarko Matsaria industrialdean

Matsaria industrialdea, Eibarren
IREKIA
Actualizado: viernes, 16 junio 2017 12:27

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita eta SPRI Taldean integratutako Sprilur sozietateak Eibarko Matsaria industrialdeko 891 eta 526 metro koadroko bi lokal berri esleitu dizkie jarduera Eibarren garatzen duten bi enpresari. Hain zuzen, Boj Olañeta, S.L.U. eta Olalsa, S.L. enpresek produktu eskaintza handitzeko asmoa dute, eta horregatik bi nabe industrial eskatu zizkioten Sprilurri, egun dauzkaten instalazioak handitu ahal izateko.

Modu honetan, bi enpresa berriekin, dagoeneko zazpi dira Matsaria industrialdean kokatutako enpresak. 2.851 metro koadroko azalera okupatzen dute eta 80 langile inguru dituzte, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Enpresa bakoitzaren jarduera partikularrari dagokionez, Boj Olañeta, S.L.U. ehun urtetik gorako familia enpresa bat da, 1905ean sortua. Hasieran eskuzko estanpazioan jarduten zuen, eta ondoren bestelako produktuak fabrikatzen hasi zen, hala nola sarrailak, bizarra egiteko makinak, latak irekitzekoak edo kortxoak ateratzekoak.

Jarduera esparrua nazioarteko merkatura zabaldu du, eta marka nahiz patente ezagunak ditu bost kontinenteetan. Asiako merkatua da enpresaren produktuak inportatzeko interes handiena azaldu duenetako bat. Azken hamarkadetan, enpresaren negozio planak helburutzat hartu du bere produktuak egokitzea teknologia berrietara eta eskaeraren premia berrietara, eta horregatik egin du diseinu berritzaileagoen aldeko apustua. Horretarako, tokiko diseinatzaileekin kolaboratzen du, eta horiei esker bermatzen du merkatu globalera zuzendutako kalitate handiko amaierako produktua lortuko duela.

EXCLUSIVAS OLALSA

Exclusivas Olalsa, S.L. enpresari dagokionez, kalitate handiko ekipoak, tresnak eta artikuluak ekoizten ditu erabilpen industrial profesionalerako, bai eta segurtasun arloko material oso espezializatua ere.

Bigarren fasean, enpresak bere material eskaintza zabaldu nahi du beste sektore batzuetara, hala nola eraikuntza, erreforma, dekorazio eta higiezinetara. Horretarako, 4.0 industriako azken belaunaldiko teknologiak erabiltzen hasi nahi du, besteak beste, 3D diseinua, errealitate handitua edota fabrikazio gehigarria.

Sprilurrek 2011n bukatu zituen Matsaria industrialdea osatzen duten hiru eraikinak, eta 14,4 milioi euroko inbertsioa egin zuen. Asmoa zen tokiko enpresei espazio bat eskaintzea, hirigunetik kanpo koka zitzaten euren jarduera ekonomikoak. Hala, aukera eman zitzaien enpresei euren premietara hobeto egokitzen diren guneetan kokatzeko.

Eibarko Matsaria industrialdean libre daude oraindik 3.477 metro koadro pabilioi (beheko solairuan) eta 4.280 metro koadro lokal-bulego, 570 eta 987 metro bitarteko lau nabe industrial, eta erabilpen mistoko 28 lokal (industria arina eta bulegoak), 105 eta 244 metro koadro bitartekoak.