Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon bi ibilgailutan lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 10 enero 2011 19:35

BILBO, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bi gizonezko atxilotu zituzten joan den asteburuan Bilbon, aparkatuta zeuden bi ibilgailutatik zenbait objektu lapurtzeagatik, Bilboko Udaltzaingoak jakinarazi duenez.

Lehen atxiloketa larunbat goizaldeko 6:00ak aldera izan zen. Bilboko Udaltzaingoko unitate bat Zorrotzaurreko Erriberatik zihoan, eta pertsona bat ikusi zuen aparkaturiko auto bateko atzeko eserlekuetan ezkutatzen saiatzen.

Udaltzainek egiaztatu zuten autoak bi leiho apurtuta eta ate bat indarrez irekita zituela, eta barruan zegoen gizonak ebakiak zituela eskuetan eta besaurreetan eta odola arropan. Autoko ateek ere odol arrastoak zituzten. Hori guztia ikusita, udaltzainek 21 urteko C.B.F. atxilotu zuten.

Bestalde, igande gaueko 21:00ak aldera, Udaltzaingoko unitate bat Najatik patruilatzen ari zela, ibilgailu baten alarma entzun zuen eta gizon bat ikusi zuen korrika, eskuetan odola zuela eta kableak ateratzen ziren poltsa batekin. Agenteek gelditzeko eskatu zioten baina ez zien kasurik egin eta Maiatzak 2a kalean zegoen auto baten azpira sartu zen; azkenean udaltzainek irtenarazi zuten.

Udaltzaingoko beste unitate batek alarma piztuta eta leiho bat hautsita zuen auto bat aurkitu zuen Maiatzak 2a kalean. Jabeari deitu ondoren, DVD nabigatzailea, GPS bat eta eguzkitako betaurreko batzuk falta zitzaizkiola jakinarazi zien agenteei. Objektu horiek guztiak susmagarriak zeraman poltsan zeuden, eta beraz, atxilotu egin zuten.