Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon eta Gasteizen bikotekideak jotzeagatik

Actualizado: viernes, 14 octubre 2011 15:14

BILBO, 14 Oct. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 20 eta 35 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, urriaren 13an, Bilbon eta Gasteizen, hurrenez hurren, genero indarkeriako delitu banaren ustezko egileak izatea egotzita, bikotekideak jo egin zituztelako, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Emakumeen aurkako tratu txarren lehen gertaera eguerdiko 12:00ak aldera izan zen, Bilbon. Abisu bat jaso ondoren, Ertzaintzaren patruila bat Santutxu auzora joan zen, ustez emakume baten oihuak entzun zirelako. Bertara heltzean, ertzainak emakumearekin harremanetan jarri ziren eta honek etxera sartzen utzi zien; barruan gizon bat zegoen, oso urduri, eta bikotekidea jo zuela esan zien.

Agenteek ikusi zuten emakumeak odola zerion zauri bat zuela belarri baten ondoan, eta beste bat ezpainean. Ertzainek behin eta berriz eskatu ondoren, biktimak azkenean aitortu zuen bikotekideak jo egin zuela eta bera defendatu egin zela. Ustezko erasotzailea, 20 urtekoa eta beso batean zauriak zituena, atxilotu egin zuten genero indarkeriako ustezko delitu bat egotzita.

Bigarren gertaera gaueko 22:15ean izan zen, Gasteizen. Ordu horretan, Ertzaintzaren patruila bat Lakua auzora joan zen, emakume batek polizia bertara joateko eskaera egin ondoren, bikotekidearekin arazo larriak izan zituelako.

Bertara heltzean, agenteek laguntza eskatu zuen emakumearekin hitz egin zuten, eta bikotekideak jo egin zuela esan zien. Biktimak adierazitakoaren arabera, bikotekidearekin eztabaida bat izan zuen, harremana utzi nahi zuela esan ziolako. Gizonak herio-mehatxuekin erantzun zion, eta zartakoak eman zizkion aurpegian eta ukabilkada bat sabelean, eta aulki batekin kolpatu zuen.

Ertzainek egiaztatu zuten emakumeak odola zerion zauri bat zuela beheko ezpainean eta hematoma bat ukondoan. Hori guzta ikusita, agenteak etxe barrura sartu ziren eta 35 urteko ustezko erasotzailea atxilotu zuten, genero indarkeriako ustezko delitu bat egotzita.