Bi gizon atxilotu dituzte EAEko autopistetan "ziztada metodoa" delakoaren bidez egindako lapurretengatik

Actualizado: martes, 8 marzo 2011 14:33

BILBO, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren Errepideko Delituen Ataleko agentek bi gizonezko atxilotu dituzte asteburu honetan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errepideetatik igarotako hainbat atzerritarrek jasandako lapurreten ustezko egileak izateagatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Kasu guztietan, biktimen autoaren atzeko pneumatiko bat ziztatzen zuten hornitegi batean gelditzen zirenean. Martxa berriz hartzean eta "matxura" ikustean, egileek euren laguntza eskaintzen zuten gurpila aldatzeko eta distrakzioa aprobetxatzen zuten poltsak, eskuko ekipajea eta objektu baliotsuak lapurtzeko turismoaren aurreko partetik. Gehienetan, 60 urtetik gorako bikoteak ziren biktimak.

Zaintza eta prebentzio kontrolak egiten dituen Ertzaintzak zortzi salaketa jaso zituen azken hilabeteetan gertaera oso antzekoengatik. AP-8 autopistan Gipuzkoan eman dira kasu asko; beste batzuk Derion (Bizkaia), Loiuko aireportutik hurbil, eta beste bat AP-1 errepidean, Soraluzen (Gipuzkoa).

Alokatutako auto batean joaten ziren egileak eta "modus operandi" berdina erabiltzen zuten. Euren biktimak aukeratzen zituzten: autopistatik igarotzen ziren 60 urtetik gorako erosteko ahalmen handiko bikote atzerritarrak. Hornitegi batean gelditzean, erregai edo atseden hartzeko, gaizkileetako batek pneumatiko bat ziztatzen zuen objektu zorrotz batekin.

Gertatutakoa jakin gabe, bidaiariek martxa jarraitzen zuten, baina denbora gutxi igarota, bazterbidean edo zirkulaziotik aparteko lekuren batean gelditu behar ziren ziztadaren eraginez. Delinkuenteek jarraitzen zituzten eta euren ibilgailua kokatzen zuten aurrean, gurpila aldatzeko laguntza eskaintzeko.

Estualdi eta larritasun une hori erabilita, autoaren aurreko partean bistan zeuden objektu baliotsuak (poltsak diruarekin, bankuko txartelak eta dokumentazioa, ordenagailu eramangarri edo argazki kameraren bat) lapurtzen zituen egileetako batek. Botina lortutakoan, ihes egiten zuten lapurrek euren ibilgailuan, biktimak arekan utzita.

Joan den larunbatean, Gipuzkoa aldeko autopista zaintzen ari ziren ertzainek aipatutako gertaerekin ustez erlazionatutako turismo susmagarri bat detektatu zuten. Gelditu zuten eta hiru bidaiarien deskripzioak lapurreten ustezko egileen deskripzioarekin bat egiten zuela baieztatu zuten.

Susmagarrietako bat autotik irten zen eta ihes egin zuen baso-pista baten bidez; beste biak atxilotu egin zituzten. Salatutako lapurreta bateko kreditu txartela bat aurkitu zitzaien, polizia kontrolean zehar ibilgailutik kanpo bota zuten arma zuri batekin batera. Ikerketak irekita jarraitzen du, eta larunbatean atxilotutako 35 eta 32 urteko gizonak Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku geratu dira.