Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideak jotzeagatik

Actualizado: lunes, 26 junio 2017 13:58

GASTEIZ, 26 (EUROPA PRESS)

Bi gizonezko atxilotu zituzten igandean Gasteizen, genero indarkeriagatik, dirudienez bikotekideak jo zituztelako Aranbizkarra eta Lakua auzoetako bi etxebizitzatan. Atxilotuak 26 eta 45 urtekoak dira, Gasteizko Udalak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Lehen gertaeran, 092 telefono zerbitzuak dei bat jaso zuen, eta biktimaren aitak poliziari esan zion alabak telefonoz deitu eta laguntza eskatu ziola, bikotekideak jo egin zuela harek Aranbizkarra auzoan duen etxean. Udaltzaingoaren patruila bat bertaratu zen eta 26 urteko gizon bat atxilotu zuen, eztabaida batean bikotekidea jotzeagatik. Igandean bertan epailearen aurretik igaro zen.

Beste atxiloketa gaueko 23:20 aldera izan zen. Lakuako etxebizitza batean bikote bat eztabaidan ari zirela jakinarazi zioten udaltzaingoari. Patruila bat bertaratu zen eta mozkor zegoen gizon batek atea ireki zien. Dirudienez, minutu batzuk lehenago, gizonak bikotekidea jo zuen, bien haurra aurrean zegoela.

Biek esandakoa entzun eta erasoaren markak ikusi ondoren, udaltzainek 45 urteko gizona atxilotu zuten, eta beste patruila batek emakumea ospitalera eraman zuen, lesioak artatzeko. Gizona astelehen honetan eraman dute epailearengana.