Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen oinezko bati sakeleko telefonoa indarrez lapurtzeagatik

Actualizado: jueves, 20 enero 2011 18:37

GASTEIZ, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 20 eta 18 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo gauean Gasteizen oinezko bati sakeleko telefonoa indarrez lapurtzeagatik, Musikaren Pasealekutik zihoala. Bi atxilotuek biktima inguratu zuten ziklomotor batekin eta, mehatxuekin, gama altuko sakeleko telefonoa ostu zioten, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Gertaerak atzo gaueko 22:45 aldera izan ziren, Gasteizen. Ertzaintzaren patruila bati Musikaren Pasealekura joateko eskatu zioten, sakelekoa lapurtu berri zioten norbanako batek deitu ondoren. Lapurretaren egileak ziklomotor batean zihoazen bi gazte ziren; gidatzen zuenak laranja koloredun kaskoa zeraman, eta epaitegietako noranzkoan alde egin zuten.

Gasteiz Etorbideak eta Adriano VI.a kaleak bat egiten duten tokitik zihoazela, ziklomotor batean zihoazen bi lagun ikusi zituzten agenteek; gidariak kasko laranja zeraman. Ertzainek susmagarriak geldiarazi zituzten, eta miaketa baten ondoren, itzalita zegoen gama altuko sakeleko telefono bat eta bihurkin aurkitu zizkieten. Sakelekoa pizteko eskatzean, bi gazteek esan zuten ez zutela pin zenbakia gogoratzen, eta ondoren, eserleku batean aurkitu zutela.

Lapurretaren biktimarekin harremanetan jarrita, harek pin zenbakia jakinarazi zien, eta zuzena zen. Hori guztia kontuan hartuta, ertzainek 20 eta 18 urteko bi mutilak atxilotu zituzten, indarrez egindako lapurreta delitu bat leporatuta.