Bi gizon atxilotu dituzte Getxon, pasaporte faltsua erabiltzeagatik

Actualizado: jueves, 29 enero 2015 18:14

BILBO, 29 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 37 eta 46 bi gizonezko atxilotu zituzten joan den asteartean Getxon (Bizkai), dokumentazioa faltsutu izana egotzita, pasaporte faltsuak erabili baitzituzten. Horrez gain, haietako bati bide segurtasunaren aurkako delitu bat ere egotzi diote, gidabaimenik gabe gidatzeagatik, eta besteari ertzainei heriotza mehatxuak egin izana. Halaber, itxuraz etxebizitzetan lapurretak egiteko erremintak ere erretiratu dizkiete, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Atxiloketa Algortako etxebizitza batean izan zen, asteartean, goizean goiz. Bertan bizi ziren bi gizonezkook aldi baterako. Ertzainek bezperan identifikatu zituzten eta, aurkeztutako Lituaniako pasaporteak susmopean zituzten, segurtasun markarik ez zutelako. Orduan, dokumentuak erretiratu egin zizkieten, eta Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren Dokumentoskopia Sailera bidali zituzten. Bertako perituek ordu gutxi barru baieztatu zuten faltsuak zirela.

Atxilotuetako bati, gainera, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat ere egotzi zaio, gidabaimenik gabe turismo bat gidatzeagatik. Hain justu, ibilgailu horretatik hainbat erreminta erretiratu zituzten: bi irrati transmisore eramangarri, edota etxeetan lapurreta egiteko erabili daitezkeen bestelako erremintak. Beste atxilotuari, berriz, ertzain bati mehatxu egin izana leporatu zaio delitu gisa, kalabozoetan zegoen bitartean.

Bi atxilotuak epailearen esku jarri zituzten asteazkenean Getxon. Bien bitartean, Ertzaintza, Interpolen bitartez, atxilotuak erabat identifikatzeko lanetan ari da, eta ea beste delituren batean ere parte hartu ote duten argitzen.