Bi haur baino gehiago dauzkaten emakumeen portzentajea jaitsi egin da EAEn eta 2006an %18,3 zen

EAEn 621.000 ama zeuden 2006an
D. SHARON PRUITT/WIKIMEDIA COMMONS
Actualizado: lunes, 20 junio 2011 13:39

BILBO, 20 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bi haur baino gehiago dauzkaten 15 urte eta gehiagoko emakumeen portzentajea 1996ko %22,4tik 2006ko %18,3ra jaitsi da, 2006ko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estatistikatik Eustatek landutako datuen arabera.

Halaber, jaitsi egin dira bai hiru haur edukitako emakumeak (%10,9 2006an eta %12,1 1996an), bai lau edo gehiago edukitakoak (%7,4 2006an %10,3 hamar urte lehenago). Gainera, 2006an EAEko 15 urte baino gehiagoko emakumeek batez beste 1,4 haur zeuzkaten, eta 1996an 1,5. 40 urte baino gehiagoko emakumeak aintzat harturik, emakumeko bi haur dira, eta 1996an 2,4 ziren.

Batez besteko haurren kopuruari amen belaunaldiaren arabera heltzen bazaioa, 1940an jaiotako emakumeengana -2006an 66 urte edo gehiago- iritsi arte batez besteko haur kopurua 2,48 zen. Emakumeko batez besteko haurren kopurua jaitsiz joan da belaunaldietan zehar. 1941 baino lehenago jaioentzat 2,48, eta 1961 eta 1965 artean jaioentzat 1,35.

Bestalde, EAEn 15 urte eta gehiagoko 954.000 emakume bizi dira, eta horietatik 621.000 ama dira, ia hirutik bi, hain zuzen ere. 40 urte eta gehiagoko emakumeen artean, ugalkortasunari begira jarduerarekiko harremanaren arabera, batez besteko haurren kopurua berbera da okupatu zein langabeentzat; ez-aktiboekiko, 0,7 haur gutxiago dituzte.

40 urte eta gehiagoko emakumeen arteko batez besteko haurren kopuruari ikasketa-mailaren arabera begiratuz gero, goi-mailako ikasketak dituztenen ugalkortasuna txikiagoa da.

Zenbait belaunalditan, goi-mailako ikasketak dituzten emakumeek ia 0,5 haur gutxiago izan dituzte, gutxiago ikasi dutenek baino. Orokorrean batez besteko haurren kopurua jaitsi den bezala batez besteko haurren kopuruen arteko aldeak ere jaitsiz joan dira, eta alde horiek askoz txikiagoak dira emakume gazteagoen belaunaldietan, alegia, 1961 eta 1965 artean jaiotakoentzat.

EAEko hiru lurraldeetan emakumeek, batez beste, bi haur edukitzen dituzte, baina eskualdeei begiratuz gero badago alderik. Arabako mendialdea (2,3) eta Goierri (2,2) nabarmentzen dira; Plentzia-Mungia (1,9) da emakumeko batez besteko haurren kopurua EAEko batez bestekoaren azpitik dagoen eskualde bakarra.

Hiriburuei dagokienez, Donostiak du emakumeko batez besteko haur-kopururik txikiena. Gasteizen emakumeko batez besteko haurren kopurua bi da, Bilbon 1,9 eta Donostian 1,8, beti ere 40 urte eta gehiagoko emakumeen artean.