Biba! talde multimedia berriak Bi fm, Geuria, Bidebieta Irratia, MAZ Basauri eta Rockein! lehiaketa batuko ditu

'Geuria' Euskarazko Hilabetekaria
Foto: BIBA!
Actualizado: lunes, 22 junio 2015 12:55

BIILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Biba! talde multimedia sortu berriak bi fm, Geuria eta Bidebieta Irratia komunikabideak batuko ditu eta, aldi berean, komunikazioaren eta ekitaldien antolakuntzaren inguruko aholkularitza barneratuko du, MAZ Basauri jaialdia edo talde eta bakarlarientzako Rockein! musika lehiaketa bezalako proiektuak landuz.

   Bere arduradunek jakinarazi dutenez, Biba! aipaturiko proiektu guztien elementu bateratzailea izango da, "zentzu askotan ezberdinak izan arren, gizartearekiko konpromiso eta kulturarekiko sentsibilitate espiritua komunean baitaukate".

   Bi fm 2008an sortu zen. 'Rolling Stone' aldizkariaren Espainiako bertsioak munduko 18 on line irrati onenen artean sartu zuen 2013an. 'Ruta 66' aldizkariak 2012ko hirugarren webgune berezitu onena izendatu zuen, eta 2014an Interneteko enpresa ekimen onenaren 'Deia' saria irabazi zuen. 2015eko ekainetik Javier Gallegok zuzendutako "Carne Cruda" irratsaio saritua eta Borja Crespo polifazetikoaren "La Hora Canibal" emititzen ditu, besteak beste.

   'Geuria' Bizkaiko Hego Uribe eskualdeko euskara hutsezko hilabetekaria da. Lehen alea 2014ko urrian kaleratu zen. Doako 10.000 ale banatzen dira zenbaki bakoitzeko, herriari irekitako bilerak egiten dira hilabetero eta Basauriko Euskararen Aholku Batzordearen babesa dauka, FSC ziurtagiri ekologikoaz gain.

   Bidebieta Irratia Basaurin 1997an jaiotako herri komunikabidea da. Bere on line bertsio multimedia Bizkaiko herri komunikabide irakurrienen artean dago eta Basaurin ezinbesteko erreferentzia da.

   MAZ Basauri Basauriko Udalak eta Social Antzokiak 2012tik bultzatutako musika jaialdia da, eta Biba! taldeak bere gain hartuko ditu programazioa, ekoizpena eta komunikazioa. Social Antzokian prezio merkedun kontzertuak eta herriko kaleetan doako emanaldiak uztartzen ditu.

   Rockein! Hego Euskal Herriko talde eta bakarlarientzat 2012an sortutako musika leihaketa da, Basauriko Udalak Nerbioi Ibaizabal eskualdeko beste udal batzuen laguntzaz antolaturik. Biba! taldeak komunikazio zerbitzuak eta koordinazioari laguntza eskainiko dizkio.

   Talde multimedia berriko lantalde profesionala Jon Villapún, Joseba Vegas, Maite Alaña, Germán Castañeda eta Ibai Villapúnek osatuko dute; azken biak duela gutxi gehitu zaizkio proiektuari.