Bibat Museoak Ganjifa indiar karten erakusketa eskainiko du abuztutik abendura arte

Actualizado: lunes, 3 agosto 2015 12:36

GASTEIZ, 3 Ago. (EUROPA PRESS) -

   Igone Martínez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak "Kartak Indiatik. Ganjifa" izeneko erakusketa aurkeztu du Bibat museoan astelehenean, abuztuaren 3an. Erakusketak XVIII. mendetik eta XX.era bitartean egindako 30 karta sorta indiarrez osaturiko bilduma bat erakutsiko du museo arkeologikoan.

   Arabako Fotu Aldundiak jakinarazi duenez, abuztuaren 4tik abendura bitartean jendaurrean egongo diren Indiako 30 karta sorta horiek Arabako Fournier Karta Museoko bilduma iraunkorrekoak dira. Bilduma hori Félix Alfaro Fournierrek hasi zuen 1916an, eta 20.000 karta sortako funtsa du jadanik.

   Lehen aldiz jarriko jendaurrean Ganjifa bilduma. Arabako Foru Aldundiak erakusketarako bisitaldi gidatuak eskainiko ditu datorren abuztuaren 7tik aurrera, eta asteartetik ostiralera izango dira, 12:00etan.

   Indiako kartek Ekialdea eta Mendebaldea bereizten dituen bide luzeaz hitz egiten digute. Bide horretan gorteko pertsonaiak, errege-erreginak eta ministroak aurkituko ditugu. Dena den, Indiako karta sortek duten azpimarragarriena erlijio sinesmenekin eta espiritualtasunarekin duten lotura da. Horregatik, gehienek zirkulu forma eta esanahi mistiko handia dute, eta, horrez gain, fantasiazko animaliak, berraragiztatzeak edo jainkoek eta jainkosek lurrean izandako inkarnazioak irudikatzen dituzte.

   Ganjifa kartak beren koloreengatik nabarmentzen dira. Azpimarratu behar da kalitate handiagoa duten karta sortak xehetasunez beteta daudela. Horiek gortera bidaltzen ziren, eta urrezko, zilarrezko eta lakazko xaflekin apainduta egoten ziren.

   Aleak banan banan margotzen ziren, sail bakoitzari dagozkion elementuen xehetasun guztiekin, karta sorta bakoitzaren ikonografia edo gaiaren arabera. Figura edo ohorezko kartak salbuetsita, horiek joritasun handiagoaz apaintzen baitira, gainerako karta zenbakidunak nahiko antzekoak dira, sail bakoitza errepikatzen delako.

   "Gaur inauguratzen dugun erakusketa hau aukera paregabea da Indiako kultura, bertako erlijio sinesmenak, espiritualtasuna eta ohiturak ezagutzeko. Hango karten bidez, bidaia bat egin dezakegu Ekialdera eta hango kultura erakargarrira", azpimarratu du Martínez de Lunak. Ondoren, arabarrak eta bisitariak Arabako Karta Museoa eta Arabako ondare garrantzitsua ezagutzera gonbidatu ditu.