Bidaiarien kopurua %0,4 igo da abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoan, 2010koarekin alderatuta

Turisten kopurua pixka bat igo zen joan den abuztuan EAEn
Europa Press
Actualizado: miércoles, 21 septiembre 2011 13:45

BILBO, 21 Sep. (EUROPA PRESS) -

Guztira 267.145 bidaiarik hartu dute ostatu joan den abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hoteletan, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino 1.076 gehiagok, eta horrenbestez, %0,4ko gehikuntza izan da. Arabara eta Bizkaira heldutako bidaiarien kopurua %1 gehitu da, baina Gipuzkoara heldutakoena %1 gutxitu, Eustaten datuen arabera.

Espainiatik etorritako bidaiarien kopuruak %3 egin du behera, eta beste herrialdeetatik etorritakoenak, aldiz, %5 gora. Espainiako bidaiariak Bizkaian gehitu dira (%2), Araban ez da aldaketarik egon eta Gipuzkoan gutxitu egin dira (%10). BEste herrialde batzuetako bidaiariak, aldiz, Gipuzkoan (%12) eta Araban (%3) gehitu dira, eta Bizkaian ez da aldaketarik egon.

Espainiako bidaiariei dagokienez, Katalunia, Kanariar Uharte, Kantabria eta Galiziatik heldurikoak gehitu dira, eta Madril eta Gaztela eta Leondik datozenak, aldiz, ehuneko handiagoan gutxitu dira. Beste herrialdeen artean, Frantzia, Italia, Latinoamerika, Holanda eta AEB-Kanadatik etorritakoak gehitu dira eta, besteak beste, Portugal, Alemania eta Erresuma Batutik heldurikoak gutxitu.

Abuztuan 579.332 gau igaro dituzte bidaiariek, hau da, aurreko urteko abuztuarekin alderatuta gaua igaro dutenen kopurua %3 gehitu da, guztira ia 18.961 gau gehiago igaro baitituzte. Gaua igaro dutenen kopuruak urte arteko bilakaera positiboa izan du Araban (%5) eta Bizkaian (%6), eta Gipuzkoan ez da aldaketarik egon 2010eko abuztuarekin alderatuz gero.

Batez besteko egonaldiaren iraupenak pixka bat gora egin du EAE osoan eta 2010eko abuztuaren aldean: 2,11 eguneko egonaldia izan zen 2010eko abuztuan eta 2,17 egunekoa urte honetakoan. Lurraldeari dagokionez, Arabak 1,82 egunetik 1,90era egin du gora, Bizkaiak 2,04tik 2,13 egunera eta Gipuzkoak 2,31tik 2,33ra.

Plazen araberako okupazio maila %2 igo da eta 2011ko abuztuan %68,19koa izan da. Igoera hau Araban eta Bizkaian gertatu da, %3ko hazkundea izan baita bi kasuetan, eta Gipuzkoan ez da aldaketarik egon. Araban plazen araberako okupazio maila %56,58koa izan zen 2010eko abuztuan eta %58,55ekoa 2011koan; Bizkaian %64,02koa izatetik %65,87 izatera igaro da eta Gipuzkoan 2010eko abuztuan %75,70ekoa izatetik 2011koan %75,82koa izatera.

LANDA-TURISMOA

Bestalde, 17.548 bidaiarik hartu dute ostatu 2011ko abuztuan EAEko landa-turismoko establezimenduetan, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino %12 gehiagok. Bizkaian (%10) eta Gipuzkoan (%17) emaitza positiboak izan dira, baina Araban kopuruak %2 egin du behera.

Espainiatik etorritako bidaiarien kopurua %10 igo da EAE osoan, eta lurraldeka, Araban %2 igo da, Bizkaian %10 eta Gipuzkoan % 13. Beste herrialdeetako turisten presentzia %20 igo da EAEn; Araban kopurua murriztu egin da (-%25) eta Bizkaian (%11) eta Gipuzkoan (%51) igo.

EAEko landa-turismoko establezimenduetan 75.145 gau igaro dituzte bidaiariek abuztuan, hau da, %2 gutxiago aurreko urteko datuen aldean. Urte arteko hazkunde-tasak negatiboak izan dira Bizkaian (%2) eta Gipuzkoan (%3), eta Araban ez da aldaketarik egon.

Bidaiarien batez besteko egonaldia %12 laburtu da EAE osoan, 2010eko abuztuko batez bestekoaren aldean. Aurreko urtean 4,87 egun ziren eta aurtengo abuztuan 4,28 izan dira. Lurraldeka, Araban gora egin dute (%2) egonaldi horiek, 2010eko abuztuan 3,96 egun izatetik aurtengoan 4,03 izatera igaro baitira; Bizkaian batez besteko egonaldiak %11 egin du behera, iazko abuztuan 4,58 egunekoa izatetik aurtengoan 4,09koa izatera igaro baita; Gipuzkoan ere %17ko beherakada egon da 5,37 egunetik 4,47 egunera igaro baitira.

Plazen araberako okupazio maila %5 jaitsi da EAE osoan eta %61,89ko okupaziotik %58,58kora igaro da, hiru lurraldeetan egondako beherakaden ondorioz: Araban %9 jaitsi da, Gipuzkoan %6 eta Bizkaian %2.