Bidaiarien sarrerak %4,9 jaitsi ziren martxoan EAEn, iazko datuekin alderatuta

Turistak Gernika Batzar Etxean
MITXI
Actualizado: viernes, 21 abril 2017 10:36

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Bidaiarien sarrerak 198.093 izan ziren joan den martxoan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel establezimenduetan, pasa den urteko hilabete berean baino 10.142 sarrera gutxiago, hau da, %4,9ko jaitsiera. Sarrerek %9,9 egin zuten behera Gipuzkoan, %2,0 Bizkaian eta %0,5 Araban. Datuak interpretatzerakoan kontuan hartzekoa da 2016ko Aste Santua martxoan izan zela eta aurten apirilean izan da, Eustatek jakinarazi duenez.

EAEko hotel establezimenduetan martxoan erregistratutako gaualdiak 352.924 izan ziren, joan den urteko martxoko gaualdiak baino %10,2 gutxiago, hau da, 40.028 gaualdi gutxiago. Gaualdiek ere urte arteko bilakaera negatiboa izan zuten martxoan hiru lurraldeetan: Gipuzkoan %15,4, Araban %8,8 eta Bizkaian %6,1.

Espainiako Estatuko bidaiarien sarrerak %7,2 jaitsi ziren EAEan, iazko martxoarekin alderatuta, eta beste herrialdeetako bidaiarienak %0,8 igo ziren. Bilakaera hori ezberdina izan zen hiru lurraldeetan:
Arabaren kasuan, Estatuko bidaiarien sarrerek bilakaera positiboa izan zuten (%0,2), baina beste herrialdeen kasuan jaitsi egin zen (%3,3); Bizkaian, Estatuko bidaiarien sarrerak %6,0 jaitsi ziren, eta beste herrialdeetakoenak, aldiz, %7,9 igo; Gipuzkoan jaitsiera gertatu zen Estatuko bidaiarien sarreretan (%11,7koa) eta beste herrialdeetakoenetan (%6,0koa).

Batez besteko egonaldia 1,78 egun izan zen joan den martxoan, 2016ko martxoko 1,89 eguneko batez bestekoaren azpitik. Hiru lurraldeetan antzeman zen batez besteko egonaldiaren iraupenaren jaitsiera: pasa den urtean Araban batez besteko egonaldia 1,85 egun izan zen eta aurtengo martxoan 1,70 egun; Bizkaian, 1,86 egun izan zen pasa den urtean eta aurten 1,79; Gipuzkoan, 2016ko batez besteko egonaldia 1,93 egun izan zen eta aurten, berriz, 1,81 egun.

BETETZE MAILA

Plazakako betetze mailari dagokionez, %4,7 puntu murriztu zen EAE osoan, 2016ko martxoko %44,8tik aurtengo %40,1era. Herrialdeka, Araban %1,2 puntu jaitsi zen plazakako betetze maila, iazko %38,7tik aurtengo %37,5era; Bizkaian %3,0 puntu jaitsi zen, %43,8tik %40,8ra, eta Gipuzkoan %8,5 puntu, %48,7tik %40,2ra.

Gelakako betetze maila ere jaitsi egin zen, %2,3 puntu EAE osoan, eta %52,5ekoa izan zen martxoan. Araban %1 puntu jaitsi zen eta %48,6koa izan zen; Bizkaian %0,1 puntu igo eta %55,5ekoa izan zen, eta Gipuzkoan, aldiz, %5,9 puntu jaitsi eta %50,4koa izan zen.

Hotelen okupaziorik handienak, plazaka, Bilbon (%47,5), Donostian (%45,6) eta Gasteizen (%41,5) izan ziren joan den martxoan. Asteko eguna aintzat hartuta, EAE osoan, plazakako okupaziorik handiena (%53,4) asteburuetan izan zen, lanegunetan %34,6koa izanik.

Sektoreko errentagarritasun adierazleei dagokienez, eguneko batez besteko tarifa (ADR) 69,2 euro izan zen EAE osoan joan den martxoan, iaz baino %1,2 gutxiago. Batez besteko tarifa 62,8 euro izan zen Araban (%2,5eko jaitsiera), 68,5 euro Bizkaian (%3,9ko igoera) eta 72,6 euro Gipuzkoan (%6,1eko jaitsiera).

Diru sarrerak gela eskuragarriko (RevPar) hotel establezimenduen betetze mailaren araberakoak dira, eta joan den martxoan 36,4 euro izan ziren EAE osoan, 2016ko martxoan baino %5,3 gutxiago. Horri dagokionean ere, ezberdintasunak izan ziren lurraldearen arabera: Araban RevPar 30,5 euro izan zen, Bizkaian 38,0 euro eta Gipuzkoan 36,6 euro.

LANDA TURISMOA

Bestalde, EAEko landa tueismoko ostatuetan 9.300 bidaiari sarrera erregistratu ziren joan den martxoan, iazkoan baino %9,5 gutxiago. Lurraldeka, Araban sarrera kopurua %44,1 igo zen, Bizkaian %26,8 jaitsi, eta Gipuzkoan %16,4 jaitsi. Atzerriko bidaiarien sarrerak 761 izan ziren, iaz baino %17,1 gehiago eta sarrera guztien %8,2. Espainiako Estatuko bidaiarien sarrerak %11,3 jaitsi ziren.

EAEko landa turismoko establezimenduek eta landetxeek 17.943 gaualdi erregistratu zituzten martxoan, pasa den urtean baino %34,2 gutxiago. Lurralde bakoitzari dagokionez, Araban %28,9 jaitsi zen, Bizkaian %41,1 eta Gipuzkoan %33,0.

Plazakako betetze maila %14,6koa izan zen, %8,1 puntu jaitsiz 2016ko martxoarekin alderatuta. Araban %5,8 puntu jaitsi zen plazakako betetze maila eta %14,3koa izan zen; Bizkaian, betetze maila %10,9koa izan zen, %8,6 puntu jaitsiz 2016ko martxoarekiko; Gipuzkoan jaitsiera %8,8 puntukoa izan zen, eta betetze maila %17,0koa.

Azkenik, bidaiari bakoitzeko batez besteko egonaldia murriztu egin zen joan den martxoan, 2016ko hilabete berarekin alderatuta: pasa den urtean 2,65 egun izan zen, eta aurten 1,93 egun.