Bidaiarien sarrerak %4 igo ziren EAEn urtarrilean

EAEra helduriko bidaiariak gehitu egin ziren urtarrilean
Foto: Europa Press
Actualizado: miércoles, 22 febrero 2012 12:17

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Guztira 122.321 bidaiarik hartu zuten ostatu joan den urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel-establezimenduetan, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino 4.524 gehiagok, eta horrenbestez, %4ko gehikuntza izan da. Lurraldeka, Araban %3 igo zen bidaiarien kopurua, Bizkaian %6 eta Gipuzkoan %1, Eustaten datuen arabera.

   Espainiako Estatutik etorritako bidaiarien kopuruak %4 egin zuen gora, atzerritik etorritakoen kopuruak bezala. Estatuko bidaiari gehiago izan zen hiru lurraldeetan: Araban %3, Bizkaian %6 eta Gipuzkoan %1. Halaber, hiru lurraldeetan gehitu zen atzerritik etorritako bidaiarien kopurua ere: Araban eta Gipuzkoan %2 igo zen, eta Bizkaian %5.

   Estatuko autonomia erkidegoetako bidaiarien artean, bidaiarien ehunekoei dagokienez, gehien hazi ziren Andaluziatik, Aragoitik, Asturiasetik eta Nafarroatik etorritakoenak, baina gutxitu egin zen, batez ere, Katalunia, Kantabria eta Valentziako Erkidegotik etorritakoen kopurua. Atzerritarren artean, Erresuma Batutik, Iberoamerikatik eta Batasunetik kanpoko Europatik etorritakoen kopurua gehitu zen gehien, eta jaitsiera izan zutenen artean, Portugaldik eta Belgikatik etorritakoen beherakada izan zen nabarmenena, portzentajeak kontuan hartuta.

   Bestalde, urtarrilean 217.939 ostatu-gau igaro zituzten bidaiariek, hau da, aurreko urteko urtarrilarekin alderatuta ostatu-gaua igaro zutenen kopurua %4 gehitu zen, guztira 7.525 ostatu-gau gehiago izanik. Igarotako ostatu-gau kopuruak urte arteko bilakaera positiboa izan zuen Araban (%3ko igoera) eta Bizkaian (%8ko igoera), baina Gipuzkoan kopurua %2 jaitsi zen.

   Batez besteko egonaldiaren iraupenak zertxobait behera egin zuen EAE osoan 2011ko urtarrilaren aldean: 1,79 eguneko egonaldia izan zen orduan, eta aurten 1,78 egunekoa izan zen. Lurraldeka, Araban 1,97 egunetik 1,95 egunera jaitsi zen egonaldia; Bizkaian 1,73 egunetik 1,76 egunera igo zen, eta Gipuzkoan 1,79 egunetik 1,73 egunera jaitsi zen.

   EAE osorako, plazen okupazio mailak gora egin zuen (%5), 2012ko urtarrilean %29,56koa izan ondoren. Bizkaian okupazio mailak %8 egin zuen gora: 2011ko urtarrilean %28,22koa izan zen eta urte honetako urtarrilean %30,49koa izan da. Gipuzkoan %4 egin zuen gora, 2011ko urtarrilean %28,56koa izan zen eta 2012koan %29,74koa izan da. Araban, aldiz %1 behera egin zuen, 2011ko urtarrileko %27,02tik aurtengo urtarrileko %26,71era.

LANDA-TURISMOA

   Beste alde batetik, EAEko landa-turismoko establezimenduetan 4.032 bidaiari erregistratu ziren joan den urtarrilean, eta beraz, 2011ko urtarrilean erregistratu zirenekin alderatuta, %1 gutxiago etorri ziren. Lurraldeka, Araban %21eko hazkundea gertatu zen, Bizkaian %29 egin zuen behera eta Gipuzkoan %10 igo zen.

   Espainiako Estatutik etorritako bidaiarien kopurua %2 igo zen EAEn. Lurraldeka, Araban %18 igo zen kopuru hori, eta Gipuzkoan %12; Bizkaian, aitzitik, %23 jaitsi zen.

   EAEra etorritako atzerritarren beherakada nabaria izan zen urtarrilean, ehunekoak aintzat hartuta, Araban kopuruak gora egin zuen arren. Beherakada nabarmena izan zen Bizkaian, eta Gipuzkoan ere kopuruak behera egin zuen, gertatutako jaitsiera hain handia izan ez bazen ere.

   Urtarrilean, guztira, 10.076 ostatu-gau igaro zituzten bidaiariek EAEko landa-turismoko establezimenduetan. Beraz, aurreko urteko hil beraren aldean %12 jaitsi zen ostatu-gau kopurua. Urte arteko hazkunde tasak positiboak izan ziren Gipuzkoan, %1eko hazkundearekin, baina Araban %4 jaitsi ziren eta Bizkaian %36 egin zuten behera.

   Bidaiarien batez besteko egonaldia laburtu egin zen urtarrilean EAEn, 2011ko urtarrileko batez bestekoaren aldean: aurreko urtean 2,65 egunekoa izan zen, eta urte honetako urtarrilean 2,34 egunekoa izan da. Araban %21 jaitsi da batez besteko egonaldia, 2011ko urtarrileko 2,75 egunekotik 2012ko urtarrileko 2,18 egunekora. Bizkaian jaitsiera %9koa izan da, 2011ko urtarrileko 2,79 egunekotik 2012ko urtarrileko 2,53 egunekora. Gipuzkoan %8 jaitsi da batez besteko egonaldia: 2011ko urtarrilean 2,53 egunekoa izan zen eta aurtengo urtarrilean 2,32 egunekoa izan da.

   Azkenik, plazen okupazio mailak %17 egin zuen behera, %10,28tik %8,55era igaro baitzen. Okupazioa hiru lurraldeetan jaitsi zen: Bizkaian %35, Araban %9 eta Gipuzkoan %8.