Bide itzulgarrien lehen entsegua egingo da bihar A-8an, Kantabriako noranzkoan

Actualizado: jueves, 7 abril 2011 15:38

BILBO, 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bide itzulgarri baten funtzionamendurako lehen proba egingo da bihar arratsaldean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), A-8 autobidean, hain zuzen ere. Puntako orduetan EAEtik Kantabriako norabidean irteten den trafikoa hirugarren bide batekin arintzeko azken hiletan zehar egin diren kalkuluak benetako trafiko egoera batean frogatzera zuzenduta dago lehen entsegu hau.

Hurrengo asteetan esperientzia errepikatuko da, beti zirkulazioko norabide berdinean, eta ekainean kontrako norabidean hasiko dira probak, itzulera-trafikoa Bizkairantz arintzeko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Bihar arratsaldeko lehen ordutik aurrera, Kantabriako norabidean zirkulatzen duen A-8ko trafikoaren parte batek 31 kilometrotan zehar Ugaldebieta eta Liendoko irteeraren artean antolatuko den hirugarren bide batetik egingo du, kontrako norabideko bideetako bat mugatuko dela.

EAEko errepideetan egingo den bide itzulgarrien lehen etsegua izango da. Tradizionalki gatazkatsua den puntu batean (A-8a Kantabria norabidean asteburu baten hasieran) zirkulazioa hobetzen saiatzea da helburua.

Tarte itzulgarria Ugaldebieta zerbitzugunearen ondoan hasiko da, 130,200 puntu kilometrikoan, eta 30 kilometro baino gehiago igarota amaituko da, 160,700 puntu kilometrikoan, Liendoko irteeratik hurbil. Bide berri hau erabiltzea erabakitzen duten ibilgailuek amaierara arte egin beharko dute, hau da, ezin izango dituzte hartu tarte horretan dauden irteerak, Castro Urdialesekoa adibidez. Beraz, aukera hau diseinatuta dago puntu urrunagoetara (Laredo edo Kantauri itsasoko ertzeko beste zonalderen batera) joaten diren gidarientzat.

Zirkulazioa bide itzulgarri honetatik turismoetara (atoirik gabe) mugatuta egongo da. Beti argiak piztuta eraman behar izango dituzte, 80 km/h-ko abiadura ezin izango dute gainditu eta segurtasun distantzia mantendu behar izango dute. Behin-behineko bide honetara sartzeko, ibilgailuak ezkerreko bidetik hurbildu beharko dira. Bide itzulgarriaren hasiera behar den moduan egongo da adierazita kilometro eta erdi lehenagotik.

ESPERIENTZIA ERREPIKATU

Lehen etsegu honen emaitzak ikusitutakoan, hurrengo asteetan zehar errepikatuko da esperientzia, Aste Santuko eta, batez ere, udako hilabeteetako irteeretan funtzionamendurik onena lortzeko.

Dispositiboa prestatzeko lan handia egin behar izango da aldez aurretik; galtzadaren balizatzea eta seinaleztatzea neurtutako denboran egingo da, aurreko orduetako zirkulazio intentsitate baxua aprobetxatuta. Aipatutako dispositiboa asteburuen hasieran ezarriko da ekaina eta iraila artean, eta gainontzeko urteko zubietan eta opor-irteeretan.

Ekainean hasiko dira entseguak kontrako norabidean; igande arratsaldetan edo oporren bueltetan antolatuko da bide itzulgarria. Tartea Guriezoko irteeratik hurbil hasiko da eta hego saihesbide metropolitar berriaren loturan amaituko da. Azken honen irekitzeak behin-behineko bidearen zirkulazioaren trafikoa arintzen lagunduko du.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak (proiektuaren sustatzailea, Kantrabriako Trafiko aginpideekin batera) bide berriaren erabilerarekin normalean auto-ilarak sortzen diren tarte honetan zirkulazioa nabarmenki hobetuko dela aurreikusten du. Neurri berriak, A-8a bezalako azpiegitura baten ustiapen maila hobetzeaz gainera, aurrezpen garrantzitsuak ahalbidetuko ditu beste alor batzutan.

Kalkulatzen denaren arabera, bidea erabiltzen den egun bakoitzean 8.000 ordu eta 20.000 litro erregai ekonomizatuko dira; halaber, CO2ko emisioak % 55 murriztuko dira. Gidarientzako estimatu den aurrezpen ekonomikoa 100.000 euro ingurukoa izango da.