Bigarren Errepublikan zehar garatu ziren Misio Pedagogikoak izango dira hizpide aste honetan Guggenheim Bilbao Museoan

Zikloaren baitan emango den ikus-entzunezkoetako baten irudia
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: lunes, 28 marzo 2011 16:25

BILBO, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

Misio Pedagogikoen inguruko hitzaldiak eta ikus-entzunezkoak

izango dira bihartik ostegunera Guggenheim Bilbao Museoko Zero Espazioan. Misio Pedagogikoek Bigarren Errepublikaren garaian (1931-1936) Espainiako hezkuntzan ikusmolde berritzailea ezarri zuten, museoko iturriek jakinarazi dutenez.

Zikloa "Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918-1936" erakusketaren harira antolatu da, eta museoak urtero eskainiko duen "Pedagogia berritzaileak" ikus-entzunezko programaren barnean kokatzen da. Oraingoan, maisuek, artistek eta intelektualek landako biztanleen alfabetatzearen alde egin zuten lana izango dute gai hitzaldiek.

Misio Pedagogikoek iturri dute Irakaskuntza Erakunde Librearen filosofia eta Espainiako hezkuntzaren egoera txarraren ondorioz sortu ziren. Izan ere, Europako bestelako herrialdeekin alderatuz, eskolagabetasun tasa handia zen, landa-inguruneetan batez ere.

Egitarauari dagokionez, bihar, Gonzalo Tapia zinemagileak egingo du aurkezpena, eta ondoren "A lomos de una mula: las Misiones Pedagógicas de la Segunda República" (Mando baten gainean: Bigarren Errepublikako Misio Pedagogikoak) ikus-entzunezkoa emango da.

Asteazkenean, Eugeni Bonet-en aurkezpenaren ondoren, "Estampas 1932, Los pueblos" (1932ko irudiak, Herriak), "100% Residencia. Una tradición recuperada" (Residencia %100. Berreskuratutako tradizioa) eta "Calle de la Paz" (Bakearen kalea) ikus-entzunezko lanak emango dira.

Azkenik, ostegunea, Aitor Larrabideren aurkezpena eta "Miguel Hernández. Aniversario" (Miguel Hernández. Urteurrena) ikus-entzunezkoa izango dira protagonista.

Saio guztiak arratsaldeko 18:30etan hasiko dira, Zero Espazioan.

Sarrerak bi euro nalio Museoaren Lagunentzat eta lau euro publiko orokorrarentzat, eta salgai daude Museoaren Lagunen Txarteldegian.