Bigarren hezkuntzako 200dik gora ikasle izan dira "Hor kanpoan" zinema eta zientzia zikloaren lehen saioan

"Hor Kanpoan" Zikloaren Lehen Saioa
DIPC
Publicado: miércoles, 17 enero 2018 17:43

DONOSTIA, 17 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak eta Azkuna Zentroak antolaturiko "Hor kanpoan" zinema eta zientzia zikloaren lehen saioa izan da asteazken honetan, Donostiako Tabakaleran, eta bigarren hezkuntzako 200dik gora ikaslek parte hartu dute. Lehen saioan "The Martian" filma ikusi ahal izan dute (Riddley Scott, 2015), aditu baten laguntzarekin.

Jardunaldiaren aurkezpenean izan dira Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria eta Ricardo Diez Muiño DIPCeko zuzendaria. Ikastetxeetako 200 ikaslek baino gehiagok aretoa bete dute, astronauta baten istorioa kontatzen duen pelikulaz gozatzeko. Zapuztutako misio baten ondoren Marten bakarrik bizirauteko bere adimen guztia erabili beharko duen ingeniari mekaniko eta botaniko bat da filmaren protagonista.

Jarraian, gazteek pantailatik errealitatera egin dute salto Santiago Perez-Hoyos astrofisikariaren laguntzarekin, planeta gorriari buruz gehiago ikasten jarraitzeko. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarien Taldeko ikertzaile partaidea da Perez-Hoyos. Zientzialari gonbidatuaren eskutik, ikerketa zientifikoari eta Marteko misioei buruz ikasi dute gazteek, eta Marteren esplorazioak hurrengo urteetan dituen erronka teknologikoak ezagutu dituzte, horien artean 2030ean misio tripulatu bat bidaltzea.

Ikastetxeekin egingo diren hurrengo saioak urtarrilaren 19an eta otsailaren 5ean izango dira, Donostiako Tabakaleran euskaraz eta Bilboko Azkuna Zentroan, hurrenez hurren. Saiootan EHUko Zientzia Planetarioak taldeko ikertzaileen parte hartzea izango da. Orotara 600 ikaslek eta irakaslek baino gehiagok parte hartzea espero da.