Biktimekiko justiziari buruzko nazioarteko topaketa bat izango da azaroaren 3an eta 4an Donostian, EHUk antolatuta

Actualizado: miércoles, 2 noviembre 2011 12:02

DONOSTIA, 2 Nov. (EUROPA PRESS) -

Antonio Beristainen omenezko nazioarteko topaketa bat egingo da azaroaren 3an eta 4an Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Carlos Santamaria Zentroko Antonio Beristain aretoan, Donostian, "Hacia una Justicia Victimal" (Bikitimekiko justiziarantz) izenburupean, EHUko Kriminologiako Euskal Institutuaren Antonio Beristain Katedrak antolatuta. Edozeinek parte har dezake topaketan.

EHUko iturriek azaldu dutenez, ekitaldiaren xedea da 2009ko abenduan zendu zen Antonio Beristain irakaslearen ondare biktimologiko eta kriminologikoa hedatu eta gogoratzea. Horretarako, nazioarteko arloko aditu ugarik hartuko dute parte, eta Beristain irakasleak egindako ekarpen zientifikoen gaurkotasunaz eztabaidatuko dute, barneko zein nazioarteko biktima-politikari, araudiari eta jardunari egindako ekarpenez, hain zuzen ere; terrorismoaren biktimei arreta berezia eskainiko diete.

Topaketen inaugurazio ekitaldia bihar, azaroaren 3an, egingo da, goizeko 9:30ean, EHUko Carlos Santamaria Zentroko Antonio Beristain aretoan, eta bertan izango dira, besteak beste, Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, Eugenio Raul Zaffaroni Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Argentinako Justizia Gorte Goreneko ministroa, Mª Luz Lima Malvado World Society of Victimology erakundeko Zuzendaritza Kontseiluko kidea eta Red Social de Victimología sareko presidentea, Tony Peters Nazioarteko Kriminologia Sozietateko presidentea eta Lovainako (Belgika) Unibertsitate Katolikoko irakaslea eta Jose Luis de la Cuesta Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendaria eta Nazioarteko Zigor Zuzenbideko Elkartearen presidentea.

Halaber, bihar baita, baina eguerdiko 12:30ean, Antonio Beristain Ikerketa Biktimologikoko I. Saria emango zaio arlo horretan aurkeztutako lan onenari. Saria banatzeko ekitaldian izango dira

Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua eta Jose Manuel Rodriguez Uribes terrorismoari eta biktimei buruzko Madrilgo Carlos III. Unibertsitateko Antonio Beristain Katedrako zuzendaria eta terrorismoko biktimei laguntzeko zuzendari nagusia Espainiako Barne Ministerioan.