Bilaketak modu arinagoan egiten dituen Inguma datu base berritua aurkeztu du UEUk

Agerraldian izan diren ordezkariak
Foto: UEU
Actualizado: jueves, 23 octubre 2014 13:59
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2014/2015 ikasturteko irekiera ekitaldia egin du gaur, urriaren 23an, Bilboko Alondegian, eta bertan, Inguma datu base berritua aurkeztu eta "komunitate zientifiko euskaldun indartsu bat izateko elkarlanerako deia" egin du.

   Karmele Artetxe EHUko irakasle eta UEUko zuzendari ohiak "euskararen azpiegitura zientifikoa finkatzeko Euskal Unibertsitatea beharrezkoa" dela azaldu du bere hitzaldian. Artetxerekin batera, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Miren Bego Urrutia Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak parte hartu dute ekitaldian.

   Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu baseak 14 urteko ibilbidea bete du, 2000n sortu zenetik. Goi mailako euskarazko produkzioa eta egile euskaldunak ezagutarazteko helburua duen proiektu dokumentalak produkzioa osotasunean biltzen du. Ahozko eta idatzizko produkzioaren datuak barneratzen joan da urtero eta egun, 1960tik gaur egun arteko 8.839 egile euskaldunen lanak sailkatuak ditu. Guztira, 36.400 erreferentzia ditu.

   Ekitaldian nabarmendu dute Komunitate Zientifiko Euskaldun bat egon badagoela erakusten duela Ingumak, eta UEUk lanean jarraituko duela egile euskaldunen lanak jasoz. "Izan ere, Inguman dagoena bada, baina bertan ez dauden lanak ere badira eta horiek biltzen jarraitu nahi du UEUk ezagutzera emateko asmoz", gaineratu dute. Horrela, gaurko ekitaldian bilaketak modu arinagoan egiteko moduan eta itxura berriarekin aurkeztu dute www.inguma.org webgunea.

   Iñaki Alegriak bere agerraldian azpimarratu du inoiz ez dela egon gaur egun baino ikertzaile eta zientzialari euskaldun gehiago, eta gaur berrituta aurkeztu den Inguma datu basea horren "froga argia" dela. Komunitate Zientifiko Euskaldunak irauteko eta garatzeko bi erronka dituela esan du Alegriak: alde batetik, aditu, ikerlari eta zientzialariak formatzera zuzendutako goi mailako euskarazko kalitatezko eskaintza, eta bestetik, aditu horiek harremanetan jartzeko guneak sortzea.

   Bestalde, ekitaldia amaitzeko "Euskarazko produkzio eta komunikazio zientifikoaren argi-ilunak" hitzaldia eman du Karmele Artetxek. Epe labur-ertainera euskarazko produkzioak aurrera egin dezan, "lehen baino lehen" zenbait neurri hartzea komeni dela azpimarratu du.

   "Hasteko, euskarazko produkzioaren ebaluazioa egiteko irizpideak garatzea eta ebaluazio agentzietan erabiltzea. Bestalde, ezinbestekoa da Euskal Unibertsitatea; ez dugu, baina behar dugu, besteak beste, euskararen azpiegitura zientifikoa finkatzeko. Bata eta bestearen alde lan egiten dugun bitartean, ezinbestekoa da, ikasle, irakasle, ikertzaile eta profesional euskaldunen sarea indartzen jarraitzea", azaldiu du.