Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren "Bilboko Itsasadar Handia" arrantza-eskola itzuliko da bihar Erripa kaira

Actualizado: sábado, 5 marzo 2011 13:01

BILBO, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Bizkaiko Arrantza Federazioak "Bilboko Itsasadar Handia" arrantza-eskolaren ikasturte berria jarriko dute martxan bihar, aurreko urteetan parte-hartzean izandako arrakastaren ondoren, eta Bilboko Itsasadarreko biologiak eta landareek bizi duten susperraldiaz gozatzen jarraitzeko. Modalitate honetan, arrainak harrapatu eta askatu egiten dira, ahalik eta arinen eta kontu handienaz uretara itzuliz.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko iturriek adierazi dutenez, jarduera 16 urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta eta, ohikoa denez, Erripa kaian egingo da, Areatzako zubiaren ondoan, Bilbon, 11:30etatik 13:30etara, maiatzaren amaierara arteko igande guztietan.

Eskolako parte-hartzaile guztiei aseguru bat egingo zaie eta beharrezko baliabide teknikoak ere jarriko dira euren esku: arrantzako ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak), neurtzeko eta pisatzeko tresnak (metroak, baskulak, kuboak, balizatzeko zintak), ikasteko materiala (dianak eta doitasun eta jaurtiketa materialak), ordezko piezak eta abar.

2003an arrantza-eskola abian jartzea "erronka handia" izan zen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarentzat eta Bizkaiko Arrantza Federazioarentzat. Hala ere, proiektuaren emaitzak hasiera batean uste baino askoz harrigarriagoak izan dira. Horrela, bada, edizioz edizio gero eta parte-hartzaile eta harrapaketa gehiago izan dira, eta horrek Itsasadarraren ingurumen-egoera ona erakusten du, izan ere, 30 bat arrain espezie aurkitu dira bertan.