Bilbao Distrito Jazz egitarauaren 18. edizioa hasiko da ostiralean

Half Quartet Plus Two taldea
URKO DORRONSORO SAGASTI
Actualizado: jueves, 16 febrero 2017 14:51

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaleko Kultura Sailak eta Bilbaina Jazz Club elkarteak antolastzen duten Bilbao Distrito Jazz egitarauaren 18. edizioa hasiko da ostiralean, otsailaren 17an, Amsterdamen bizi den Unai Olabarri artista bilbotarra buru duen Half Quartet Plus Two taldeak Begoñako udal zentroan eskainiko duen emanaldiarekin.

Jazz garaikidean nagusi diren artistez osatutako "eskaintza anitza eta kalitatezkoa" proposatuko du egitarauak. Ohikoa denez, otsaileko eta martxoko lau ostiraletan ospatuko dira zikloaren saioak, 19:30etik aurrera, hainbat estilotako lau bandarekin.

Half Quartet Plus Two taldearen emanaldiaren ondoren, otsailaren 24an Jacob Sacks Trio hirukotea arituko da Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan; martxoaren 3an Miguel Fernandez Quartet laukotearen txanda izango da Otxarkoagako udal zentroan, eta, bukatzeko, Martin Leiton baxu eta kontrabaxu jole, konpositore eta moldatzaile kanariarra buru duen bandak joko du martxoaren 10ean Errekaldeko udal zentroan.

Aurreko edizioetan bezala, kontzertu guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira. Sarrera librea eta doakoa izango da aretoetako eserleku guztiak bete arte, eta ez zaio inori aretora sartzen utziko aretoa bete eta gero.

Bilbao Distrito Jazz Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta hainbat helburu ditu, besteak beste, ikus-entzule askorik ez duen musika generoa hiriko auzoetara zabaltzea, ikus-entzule berriak sortuz; 1991tik astero zuzeneko emanaldiak antolatzen dituen Bilbaina Jazz Club elkartearen lana laguntzea; auzoetan eskaintzen den kultur programazioaren kalitatea hobetzea.