Bilbao Distrito Jazz egitarauaren hamabigarren edizioak sei emanaldi eskainiko ditu martxoko eta apirileko ostiraletan

Actualizado: miércoles, 9 marzo 2011 13:20

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Distrito Jazz egitarauak ostiral honetan hasiko du bere hamabigarren edizioa eta sei emanaldi eskainiko ditu martxoko eta apirileko ostiraletan. Oraingoan, jazz garaikideenaren eta egungo panoramako ahots azpimarragarrienaren ordezkari diren artisten aldeko apustua egin du zikloak.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilbaina Jazz Club-arekin elkarlanean sustatzen duen ekimena "erabat sendoturik" dago hiriko kultura-agendan, hainbat barrutitan eskaintzen diren doako kontzertuen eskaintza deszentralizatuaren bitartez, antolatzaileek adierazi dutenez.

Ohikoa denez, Bilbao Distrito Jazz martxoko eta apirileko ostiraletan ospatuko da arratsaldeko 20:00etatik aurrera -Sarrikoko Kontserbatorioan eskainiko den kontzertua izan ezik, hori 19:00etan izango baita-. Hainbat estilotako nazioarteko bost bandek hartuko dute parte eta, horiez gain, Euskadin egiten den jazzaren ordezkaritza bat.

Horrela, Bilbotik igaroko diren artisten artean azpimarratzekoak dira Eric Alexander saxofoi-jotzailea, mundu osoan azken urteetako saxofonistarik handienetakotzat jotzen dena, edo Sara Serpa abeslari eta konpositorea, besteak beste.

Aurreko urteetan bezala, egitarauan, izen handiko nazioarteko bandak eta bertoko talde baten parte-hartzea izango da. Oraingoan, bertoko taldea Leioa Big Band izango da, eta Euskal Herriko musikariek estilo honetan lortu duten maila erakutsiko dute.

Berrikuntza gisa, eta azken urteetan gero eta ikus-entzule gehiago hurbiltzen direla kontuan izanik barruti handiagoak gehitzeko bideari jarraituz, Bilbao Distrito Jazz egitaraua Atxuriko Arte Sakratu Museora ere helduko da, artea eta musika bateratzeko aukera eskainiz.

Zikloaren lehen emanaldia ostiral honetan izango da, Begoñako Udaltegian, Marzio Scholten Group taldearekin. Marzio Scholten talentu handieneko jazz musikarietako bat da, eta horrez gain, Herbehereetako konpositore moderno garrantzitsuenetakoa. 2006an Amsterdameko Kontserbatorio ospetsuan graduatu zen; bertan, Jesse van Ruller-ekin eta Yuri Honing-ekin ikasi zuen, besteak beste. Iaz argitaratutako bere azken diskoa -"World Of Thought"- aurkeztuko du Bilbon.

Martxoaren 18an, Sarrikon dagoen J.C. Arriaga Musika Kontserbatorioak (salbuespen gisa arratsaldeko 19:00etan) Eric Alexander Quartet taldearen emanaldia jasoko du. Illinoisen (AEB) jaiotako musikaria azken urteetan sortutako saxofoi-jotzaile handienetakotzat jotzen dute mundu osoan. Eric Alexander-ek, Hank Mobley, Dexter Gordon, Sonny Stitt eta George Coleman-en lanetan oinarritutako musika-hizkuntza erabiltzen du, soinu zabalarekin eta bere belaunaldiko musikarien artean oso ohikoa ez den agintaritzarekin.

Hurrengo astean, martxoaren 25ean, Bruce Saunders gitarra-jotzaile eta konpositore handiaren txanda izango da. Aurtengo edizioko berrikuntzetako bat izango da, Atxuriko Arte Sakratuko Museoan eskainiko baitu kontzertua. Nazioartean ospe handia duen gitarrista eta konpositorea izateaz gain, Bruce Saunders Bostoneko Berklee College of Music ezaguneko irakaslea ere bada, 1992tik. Irakaskuntzaren alorrean burutu duen lanaren barruan, metodo liburuen argitalpenak ere badaude: "Pentatonics", "Modern Blues", "The Diminished Workbook" eta "Melodic Improvising for Guitar".

SARE SERPA

Hitzik gabeko kantua apirilaren 1ean helduko da Bidebarrietako Liburutegira, Sara Serpa Quartet-en eskutik. Abeslari eta konpositore portugaldarra New Yorken bizi da une honetan. Lisboako Musika Kontserbatoriora sartu zen, pianoa eta kantua ikasteko, eta bertan ezarri zuen bere musika hiztegiaren oinarria.

Hitzik gabeko musika abestea, ohiko 'scat' delako teknikatik haratago, bere sorkuntza estiloaren parte ere bada. Bere konposizio lanek eta bere kantuak jarraitu beharreko norabidea eta eredua markatu dute jazz musikari gazte askoren artean.

Bestalde, Arthur Kell Quartet apirilaren 8an egongo da Solokoetxeko Institutuan. Baxu-jotzaile eta konpositorea, New Yorkeko jazzaren egungo panoramako ahotsik berezienetakoa da. Azken 20 urteetan mundu osoko jazz musikari garaikide garrantzitsuenekin jo du, eta Sam Newsome, Armen Donelian, Dave Berkman, Cliff Korman, Guillermo Klein, Christian Howes, John Stetch edo Bruce Barth bezalako artistekin aritu da lanean.

Bilbao Distrito Jazz egitarauaren hamabigarren edizioaren amaiera ekitaldia Leioa Big Band taldeari dagokio, apirilaren 15ean, Otxarkoagako Udaltegian. 2007an Leioako Musika Kontserbatorioan sortu zen taldea da, eta hainbat estilo lantzen ditu, swing-etik funk-eraino, baladak eta bossanovak barne. 2010ean, Doctor Deseo taldearen azken lanean hartu zuen parte.

EDUKIERA MUGATUA

Aurreko edizioetan bezala, kontzertu guztietarako sarrera librea eta doakoa izango da, areto bakoitzaren edukiera bete arte. Behin edukiera bete eta gero, ez zaio inori sartzen utziko.

Bilbao Distrito Jazz Bilboko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta hainbat helburu ditu, besteak beste, ikus-entzule askorik ez duen musika generoa hiriko auzoetara zabaltzea, ikus-entzule berriak sortuz; 1991tik astero zuzeneko emanaldiak antolatzen dituen Bilbaina Jazz Club elkartearen lana laguntzea; eta auzoetan eskaintzen den kultur programazioaren kalitatea hobetzea.

Bestalde, egitarauari jarraipena emanez, apirilaren 22an, Aste Santuan ospatzen den Kaleszena egitarauaren barruan, gaueko 21:30etan, Plaza Barrian Itxaso & Quartet taldearen emanaldia izango da. Taldea Itxaso Gonzalez (ahotsa) eta Daniel Perez (gitarra), Gorka Benitez (saxo tenorea), Victor Moliner (baxu elektrikoa eta kontrabaxua) eta Borja Barrueta (bateria) musikariek osatzen dute.