Bilbao Kirolak erakundeak 2.051 plaza eskainiko ditu "Aste Santuan primeran, kirola eginez" ekimenean

Actualizado: miércoles, 23 marzo 2011 13:18

BILBO, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Kirolak erakundeak, hirugarren urtez jarraian, "Aste Santuan primeran, kirola eginez" ekimena antolatu du. Aurten, 2.051 plaza egongo dira, iaz baino 105 gehiago, eta beraz, eguneko 285 plaza eskainiko dira.

Udal sozietateak martxoaren 28an irekiko du izena emateko epea bere harpidedunentzat, kiroldegietako salmenta-makinetan eta www.bilbaokirolak.com web-orrian. Harpidedun ez direnek martxoaren 30etik aurrera eman ahal izango dute izena udal kiroldegietako salmenta-makinetan.

"Aste Santuan primeran, kirola eginez" ekimenak kirola eta entretenimendua elkartzen ditu, ariketa fisikoa sustatzen du eta, aldi berean, oporretan familia eta lana uztartzen laguntzen du. Ekimena 6 eta 13 urte bitarteko neska-mutilei dago zuzenduta, eta Deustu, San Inazio, Txurdinaga eta Zorrotzako udal kiroldegietan egingo da.

Egitasmoaren arduradunek jakinarazi dutenez, programa euskaraz eta gaztelaniaz egingo da, apirilaren 18, 19, 20, 26, 27, 28 eta 29an, goizez, 8:30etatik 14:00etara, Deustu, San Inazio, Txurdinaga eta Zorrotzako kiroldegietan. Neska-mutilen sarrerako eta irteerako ordutegia luzatu egin da, familia eta lana hobeto uztartu ahal izateko. Horrela, sarrera goizeko 8:30etatik aurrera egin ahal izango da, eta irteera, berriz, 14:30etara artekoa izango da.

Bilbao Kirolak erakundeak lau jarduera berri gehitu ditu programara, erabiltzaileen eskariari erantzuteko. Besteak beste, orain arteko igerilekuko joko, badminton, saskibaloi, eskubaloi, aretoko futbol, aretoko joko eta aretoko hockeyari, orain, skate, tenis, patinaje eta padela gehitu zaizkie.

Guztira 285 plaza izango dira eguneko, eta kiroldegi bakoitzak 75 plaza izango ditu egun bakoitzeko, Zorrotzakoak izan ezik, 60 plaza izango baititu. Gainera, Txurdinagako kiroldegian, egunean zortzi plaza eskainiko zaizkie minusbaliotasunen bat duten neska-mutilei, eta begirale espezializatuak arduratuko direla beraietaz.

"Minusbaliotasunen bat duten neska-mutilen integrazioa ahalbidetu nahi dugu, gainerako parte-hartzaileen baldintza berberetan egon daitezen, jarduera berberak egin ditzaten eta kirol berberak praktikatu ditzaten", azaldu du Jon Sustatxa Bilbao Kirolak erakundeko presidenteak.

Bilbao Kirolak erakundeko harpidedunek martxoaren 28tik eman ahal izango dute izena udal kiroldegietako salmenta-makinetan eta www.bilbaokirolak.com web-orrian; harpidedun ez direnek martxoaren 30etik aurrera eman ahal izango dute izena. Egun baterako, zenbait egunetarako edo egun guztietarako eman ahal izango da izena. Harpidedun ez direnek 12 euro ordaindu beharko dituzte eguneko, eta harpidedunek, berriz, 10 euro eguneko.