Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak 8.710 ikus-entzule izan ditu

Aurtengo edizioko kartela
BILBAO MENDI FILM FESTIVAL
Actualizado: miércoles, 30 diciembre 2015 13:16

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak abenduaren 11tik 20ra bitartean eskainitako 30 bat saioetara 8.710 pertsona hurbildu ziren, ikus-entzuleen marka hautsiz. Jaialdiak bere lehen "zortzimila" igo duela esan du Jabier Baraiazarra zuzendariak. "Errekor hutsa eta oso zenbaki berezia guretzat", adierazi du.

   Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlartizaren, Kutxabanken eta Ternuaren babesa duen jaialdiak errekor historikoa lortu du horrela, bertaratu diren lagun kopurua %18 hazi baita pasa den urtearekin konparatuta (7.371 pertsona) eta ia bikoiztu 2012ko edizioarekin alderatuta (4.772 pertsona). Hori izan zen Bilbon ospatutako lehen edizioa.

   Eskaini diren 31 zinema saioetatik 14tan sarrerak agortu ziren. Proiekzioetako okupazioaren batez bestekoak %70 gainditu du, Mendi Film Festival jaialdiak inoiz izan duen daturik onena.

   Jarraitzaile askorentzat, jaialdia "data oso garrantzitsu bat" bilakatzen ari da, eta gauza bera gertatzen da jaialdira hurbiltzen diren profesionalekin. 2015eko edizioan 60 gonbidatu izan dira, herrialde desberdinetakoak, eta jaialdia "munduko onenetarikoa" dela eta mundu mailan erreferente nagusia den Banff jaialdi kanadarrarekin konparatu daitekeela aitortu zuen Sender Filmseko ekoizle Zachary Barrek; Sender Films ekoizpen etxea eskalada zinemari dagokionez munduko nagusienetako bat da.

   Bilbao Mendi Film Festival 2015eko irabazlea "Unbranded" izan zen. Hauxe da gainontzeko irabazleen zerrenda: "Urzulo" Euskarazko Film Onena, "High and mighty" Film Labur Onena, "Sunakali" Kultura eta Naturari buruzko Film Onena, "Jurek" Alpinismoko Film Onena, Eliza Kubarska zuzendari onena, "A line across the sky" Eskaladako Film Onena, "Reach your limits" Kirol eta Abenturazko Film Onena, "Snowman" Gidoi Onena, "Meru" Argazkilaritza Onena, "Suspentes et cordes de violon au Pakistan" Epaimahaiaren Saria eta "Jeff Lowe's Metanoia" Ikuslearen Saria.

   Zortzigarren edizioa bukatuta, 2016ko Bilbao Mendi Film Festival jaialdia abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatuko da, eta antolatzaileek errekorrak hausten jarraitzea espero dute.