BilbaoEszenak eszenako kudeaketan eta ekoizpenean espezializatutako modulu batean izena emateko epea zabaldu du

Actualizado: lunes, 2 enero 2012 12:10

BILBO, 2 Ene. (EUROPA PRESS) -

BilbaoEszena Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen baliabide eszenikoen zentroak ikasturte honetan eskainiko duen hiru hilabeteko bigarren modulurako izena emateko epea zabaldu du. Oraingoan, eszenako kudeaketari eta ekoizpenari buruzko modulua izango da. Prestakuntza tailerra urtarrilaren 16tik martxoaren 19ra egingo da, BilbaoEszenaren instalazioetan, eta astelehen guztietan eskainiko da, gaztelaniaz (17:30etik 19:30era) eta euskaraz (19:30etik 21:30era).

Antolatzaileek azaldu dutenez, modulua antzerkian interesaturik dauden eta oinarrizko ezagutzak dituzten 18 urtetik gorakoei dago zuzenduta. Edozein jarduera eszenikoren motorra sorkuntza artistikoa bada ere, lehen pausoak eman eta gero, antzerkiko egitasmo orok, eraiki nahi den proposamen horri kalitatea eta norabidea emango dioten zenbait tresna behar ditu. Hori dela eta, ikastaro honi begira, BilbaoEszenak, alderdi teknikoagoak eta kudeaketarekin erlazionatutakoak bildu nahi dituzten hiru hilabeteko hiru modulu proposatu ditu.

Horrela, kudeaketa eta ekoizpen moduluak, gero eta profesionalizatuagoa eta konplexuagoa den kultur ingurunean arte egitasmo bati arrakastaz ekiteko beharrezkoak diren zenbait tresna eskainiko ditu, arreta berezia jarriz administrazio prozesuei, komunikazio lanari, erakunde laguntzaileei edo jaialdiekin izan beharreko harremanei. Modulu honetarako matrikulak 80 euro balioko ditu (70 euro langabetuentzat eta oinarrizko errenta jasotzen dutenentzat).

Prestakuntza moduluan parte hartzeko interesa duten pertsona guztiek gaurtik, urtarrilaren 2tik, eman dezakete izena, Bilboko Udalaren webgunearen bitartez: www.bilbao.net.

Eskaria, eskainitako plaza kopurua baino handiagoa izango balitz, aukeraketa egingo litzateke aurre-inskripzioa burutu dutenen artean, honako irizpide hauei jarraituz: lehentasuna izango dute Bilbon erroldatutako pertsonak, eta gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna eta euskarazko taldeen eraketa bultzatuko da.

Espezializazio moduluetan, lehentasuna izango dute jarduera hori arte eszenikoekin erlazionatutako prestakuntzara bideratutako helburuz egiten dutenek, erabat aisiarako egiten dutenen aurretik.