BilbaoEszenak Show Gela egitarauaren denboraldi berria inauguratuko du aste honetan

Actualizado: martes, 15 marzo 2011 13:43

BILBO, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

BilbaoEszena Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak Show Gela egitarauaren denboraldi berria inauguratuko du aste honetan. Egitarau horren bitartez, ikus-entzuleek zenbait arte alorretako sormen-prozesuetara hurbiltzeko aukera izango dute. Show Gela ekimena hilabete bakoitzeko ostegun batean eskainiko da, gaueko 20:00etatik 23:00etara, BilbaoEszenaren instalazioetan. Sarrera doakoa izaten da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo lehenengo gau-festa ostegun honetan izango da, martxoaren 17an, eta "Ikus-entzunezkoak eta eszena" izenburupean, euren sorkuntza-lan eszenikoetan hainbat ikus-entzunezko teknika uztartzen dituzten hiru artistaren lanera hurbiltzeko aukera eskainiko du.

Show Gela bakoitzak euren sorkuntza lanak aurkezten dituzten zenbait gonbidatu izan ohi ditu. Gehienetan, ohiko erakusketa zirkuituetan aurkitzen ez diren proposamen abangoardistak eta esperimentalak izaten dira.

Ostegun honetako saioan, Olatz de Andres dantzari eta ikerlariak ikus-entzunezkoek sorkuntza koreografikoan dituzten erabilerak erakutsiko ditu. Zigor Gorostiolari dagokionez, 'light jockey' eta 'virtual jockey' gisa duen esperientzia konpartituko du, antzerkiko eszenan ikus-entzunezko teknologia erabiliz. Ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta ekoizpenean aritzen den Al Lentek, berriz, gidoi bat burutzeak eskatzen duen sorkuntza prozesua hurbilduko die bertara gerturatutako guztiei.

Show Gela prozesuan eta ez emaitzan oinarrituriko gune libre eta sortzaile gisa dago planteatuta. Artistaren alderdi gizatiarrena ezagutzeko eta arte izaeraren mekanika ulertzeko aukera eskaintzen du, sortzaileekin elkarreraginez.