Bilbo-Bizkaiak bere eskaintza turistikoa aurkeztuko du Berlingo ITB azokan

Bizkaiko turismoari buruzko lan jardunaldia
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 3 marzo 2014 13:58

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Bilbo-Bizkaiaren eskaintza turistikoa ikusgai egongo da Berlingo 2014 ITB azokan, asteazkenetik igandera bitartean. Sustapen ekintza honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Europako eta munduko merkatuan duten presentzia indartu nahi dute, eta bi erakundeek, "turismoaren nazioarteko industriaren azoka monografiko liderraren indarraz jabeturik", askotariko eskaintza ezagutaraziko dute, joera berriekin bat eginez: kultura eta tradizioak; gastronomia eta enoturismoa; itsasoa eta natura.

   Berlinen bilduko dira turismo jomuga, bidaia antolatzaile, erreserba sistema, aire konpainia, hotel eta hornitzaile nagusiak, alde batetik, bisitariei oporretako eskaintza zehatz bat egiteko eta, bestetik, "merkatu izugarri bat erakusteko, sektore profesionala eta enpresariala sustatze aldera".

   Horrela, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbo Udala Berlingo ITBn egongo dira, "sektoreko profesionalei joera, negozio eta merkatu berriak ezagutzeko aukera ematen dien azoka paregabe honetan", Gabino Martinez de Arenaza Bizkaiko Aldundiko Turismorako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusiak eta Mercedes Rodriguez Bilbao Turismo erakundeko zuzendariak prentsaurrekoan adierazi dutenez.

   Bi erakundeek stand "ireki eta ikusgarri bat" eramango dute Berlinera, bi kokapen nabarmenduko direlarik: Guggenheim Bilbao Museoa eta Pozalagua kobazuloa. Horrez gain, naturaren, enogastronomiaren eta hiri-turismoaren gaineko erreferentziak egongo dira. FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Kopako talde faseari buruzko atal nabarmen bat ere izango du.

   Bilbo-Bizkaiak marka historikoa hautsi zuen 2013an atzerriko turistei dagokienez, guztien %36 izan baitziren, 411.641 sarrerarekin. Azken hamar urteetan %119ko igoera egon da eta horrek agerian utzi du turisten tipologian egondako joera-aldaketa. Frantziatik heldutakoak gailendu ziren, %13,7 igo baitziren, eta ondoren Ameriketako Estatu Batuetatik (AEB) eta Portugaletik heldutakoak, %4,8 eta %4,1 igo zirenak, hurrenez hurren.

   Berlingo ITB azoka asteazkenetik ogandera bitartean ospatuko da. Lehen hiru egunak sektoreko profesionalentzat soilik dira eta azken bietan azokak bere ateak irekiko dizkie bertaratu nahi diren pertsona guztiei. 2013an 170.000 bisitari (113.000 profesional) bertaratu ziren eta 180 herrialdeko 11.000 erakusmahai egon ziren. Sektoreko estamentu guztiak hurbildu ziren: erakundeak, operadoreak, erreserbak, agentziak, harrerak, aire konpainiak, hotelak, ibilgailuak eta teknologia berriak.

   ITBn ohikoa da erakusketan parte hartu nahi duten jomuga turistikoen itxarote-zerrendak egotea, eta, sustatzaileek jakinarazi dutenez, 2014an areagotu egin dira eskabideak eta standen tamaina. Ondorioz, munduko merkatua berreskuratzen ari dela interpretatu daiteke.

URTEKO TOPAKETA

   Prentsaurrekoaren ondoren, Bizkaiko sektore turistikoarekiko urteko topaketa egin da, eta, bertan, 2013. urteko datuak eta 2014rako aurreikusitako ekintzen aurrerapena azaldu dira. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatua lan-bilera honetara batu da, Gabino Martinez de Arenaza eta Mercedes Rodriguezekin batera.

   Bilera horretan, oporraldirako Bilbo-Bizkaia aukeratzen duen turistaren profila ezagutarazi da: batez besteko adina 39 urte eta gehienentzat (%81,7) Bizkaira datozen lehen aldia. Halaber, %55,1 hegazkinez iritsi da eta %35,3 ibilgailu partikularrean. Hamar turistatik ia lau bikotean etorri dira eta %29,2 familian. Gehienak (%67,8) hotelean geratzen dira, batez beste hiru egun eta erdi.

   Bizkaiari buruzko informazioa aurkitzeko internet erabili zutenen artean (%60,1) hamarretik bederatzik aitortzen du bide hori erabili duela bere egonaldirako zerbitzuren bat kontratatzeko. %93,2ren ustez turismo kulturala da interes handiena pizten duen jarduera eta, ondoren, turismo gastronomikoa, %59,3rentzat interesgarria dena. Bizkaian emandako egonaldiaren batez besteko balorazioa 10etik 8,35 puntukoa da.