Bilbo eta Donostiako irakurleek 1.500 liburu baino gehiago hartu dituzte maileguan eLiburutegitik

Actualizado: lunes, 24 agosto 2015 13:13

DONOSTIA, 24 (EUROPA PRESS)

   Donostia eta Bilboko udal liburutegietako erabiltzaileek 1.500 liburu baino gehiago hartu dituzte maileguan Euskadiko Liburutegi Digitaletik (eLiburutegia), beronen katalogo digitala bi hiriburu horietako irakurleentzat ireki zela hilabete bat pasa dela. Joan zen uztailaren 23an iritsi zen Euskadiko Liburutegi Digitala Donostiara.

    Ordutik hona, Gipuzkoako hiriburuko irakurleek 553 liburu digital hartu dituzte maileguan. Hurrengo egunean ireki zuen eLiburutegiak bere katalogoa Bilboko udal liburutegietako bazkideentzat, eta hauek dagoeneko 998 mailegu egin dituzte. Donostiako udal liburutegiak 119.500 erabiltzaile inguru dituzte, eta Bilbokoetan aldiz, kopuru hori 184.000ra iristen da.

   Liburu digitalak maileguan hartzeko zerbitzu hau abian jarri zenetik, iazko azaroaren 26tik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideek orotara 17.708 liburu digital hartu dituzte maileguan. Une honetan, Euskadiko Liburutegi Digitalak 2.892 mailegu aktibo ditu. Hau da, eLiburutegiaren erabiltzaileak 2.892 liburu ari dira irakurtzen egun hauetan, guztiak ere katalogo digitaletik maileguan hartuak.

   Euskadiko Liburutegi Digitalaren katalogoak 7.400 liburutik gora eskaintzen ditu egun, ia ehun argitaletxerenak: 6.855 liburu gaztelaniaz dira, 524 euskaraz, 21 frantsesez, 18 ingelesez, 14 portugesez eta 5 katalanez. Euskarazko liburuak argitaletxeek titulu horiek formatu digitalean argitaratu ahala gehituko dira katalogora.

   Aipatzekoa da Euskadiko argitaletxeen %60k ez dutela, gaur egun bere katalogo osoa formatu digitalean eskaintzen (ePub). Eusko Jaurlaritzak ePub formatu digitalean eskura daitekeen euskal argitaletxeen ekoizpen guztia hartu du, bai gazteleraz bai euskaraz. Gutxi gorabehera, 1.300 izenburu dira: 757 ebook gaztelaniaz eta 500 euskaraz.

   Astez aste haziz doa katalogo digitaleko eskaintza, titulu berriak sartu ahala. Datozen hilotan katalogoa zabaltzea da eLiburutegiaren asmoa, 10.000 izenburu hartzeraino, eta 2016an 15.000 izenbururaino iristea. Horretarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 350.000 euro bideratu dizkio proiektuari aurten.