Bilbo eta Milano elkarlanean ariko dira arlo ekonomikoan, zientifikoan eta teknologikoan

Actualizado: miércoles, 16 marzo 2011 17:40

BILBO, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilbok eta Milanok harreman instituzionalak mailarik gorenean ezarri dituzte bi hiriotako alkateen arteko lankidetzarako memoranduma sinatuz, arlo ekonomiko, zientifiko eta teknologikoan elkarlanean aritzeko, eta hiri eraldaketa, sorkuntza nahiz unibertsitate, arte eta sukaldaritza arloetako esperientziak trukatzeko.

Zehazki, Milanoko Palazzo Marino Jauregian -Lonbardiako hiriburuko udaletxean- gaur sinatutako memorandum honetan, Bilboren eta Milanoren arteko lankidetzarako hiru arlo ezarri dira: hiri-eraldaketa; instituzio ekonomikoen arteko lankidetza (BEC - Feria Milano, merkataritza-ganberak, elkarte enpresarialak) eta sektore teknologiko eta zientifikoetan (zentro teknologikoak, zientifikoak eta berrikuntzazkoak); eta unibertsitate, arte, sorkuntza, diseinua eta sukaldaritza arloko elkartruke kulturala.

Memorandumaren sinadura, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Letizia Moratti Milanokoak izan duten bigarren topaketa instituzionalaren barruan dago. Duela urtebete, bi agintariek bi hirien arteko elkartruke ekonomikoa eta kulturalean aurrera egiteko konprometitzeko batzarra egin zuten, epe luzeko lankidetzarako bideak ezartzeko xedearekin.

Joan den urteko martxoan, Bilboko alkatea buru zuen eta hiriko zenbait enpresa, hotel eta turismo agentziatako ordezkariz osatutako ordezkaritza instituzionalak, bi eguneko bidaia egin zuen Milanora, "Bilbao marka" Italian sustatzeko eta bi hirien arteko harreman instituzional eta ekonomikoak bultzatzeko.

Orduan, bi alkateen artean izandako topaketaren lehenengo emaitza bi hirienarteko hegaldi zuzenak berrezartzea izan zen, zerbitzuaren bi urteko etenaldiaren ondoren. Gainera, harreman instituzionalak egonkortzeko konprometitu ziren, Lonbardiako hiriburuko Espainiako Kontsulatuaren bitartekaritzaz.

ERAKUSKETA UNIBERTSALA

Milanok 2015eko Erakusketa Unibertsala antolatuko du, "Planeta elikatuz, bizitzarako energia" goiburupean. Udalerri eta herrialdeen parte-hartzeari irekita egongo den 2015eko Milanoko Erakusketa Unibertsalak, besteak beste, honako alderdiak aztertuko ditu: elikaduraren kalitatea eta segurtasuna, elikagaien kontserbazioa eta banaketa, elikadurari buruzko heziketa, eta sukaldaritzaren tradizioa elementu kultural gisa.

1,3 milioi biztanlerekin, Milano hiria nazioarteko gune komertzial eta industrial garrantzitsua da eta Italiako barruti ekonomikotzat eta finantza-hiriburutzat jotzen da. Hala, Europako finantza-gune garrantzitsuenetako bat nahiz kultur eta sorkuntza arloko erreferente nagusietako bat da. Era berean, unibertsitate, argitalpen eta telebista ingurune garrantzitsua da.