Bilbo Hiria 27. Pop-Rock Lehiaketako kontzertuak ostegunean hasiko dira

Actualizado: martes, 15 septiembre 2015 13:59

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalak antolatzen duen Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketaren 27. edizioko kontzertuak datorren ostegunean, irailaren 17an, hasiko dira. Musikaren arloko adituek osatutako epaimahaiak hautatu ditu urriaren 29a arte 20:00etatik aurrera Bilborock aretoan joko duten 38 taldeak. Finalak azaroan izango dira, eta sarrera, beti bezala, libre eta doakoa izango da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

   Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketa 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osatutako musika taldeei bideratuta dago, eta aurten, Euskal Herria, Frantzia, Polonia, Madril, Bartzelona, Asturias, A Coruña, Pontevedra, Badajoz, Alacant eta Zaragoza bezalako tokietatik heldutako taldeek joko dute. Hasieran, 643 taldek eman zuten izena lehiaketan parte hartzeko: 461 Pop-Rock modalitatekoak, 130 Metal kategoriakoak eta 52 Elektronika eta bestelako joeretakoak.

   Aurten, nobedade moduan, aurreko edizioetan saritutako bi taldek joko dute gonbidatuta. Irailaren 18an (barikua) Munlet Mendaroko bikoteak (Pop-Rock kategoriako bigarren saria lehiaketaren 20. edizioan) elektronikaren, punkaren eta esperimentazioaren konbinazioa eskainiko du, eta irailaren 25ean, Rise to Fall talde bilbotarrak (Metal kategoriako irabazlea 21. edizioan) bere death metal melodikoa ekarriko du.

   Beste urte batez, Bilboko Udalak web orri hau eskainiko die zale guztiei: www.concursovilladebilbao.com. Honakoak kontsultatu ahal izango dira bertan: lehiaketari buruzko informazioa, kontzertuen egunak, taldeen gaineko informazioa, emanaldien bideoak eta abar. Aukeratutako banda bakoitzak aurkeztu dituen abestiak ere entzun ahal izango dira, baita streaming bidez ikusi azaroko finalak ere.