Bilbo-Logroño linearen emakida berria astelehenean hasiko da funtzionatzen

Bilbo-Logroño lineako autobusa
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 5 mayo 2017 13:26

GASTEIZ, 5 (EUROPA PRESS)

Bilbo-Logroño errepide bidezko bidaiari garraioaren linearen emakida berria datorren astelehenean hasiko da funtzionatzen, maiatzaren 8an, zerbitzuaren hobekuntzekin eta maiztasun handiagoarekin, eta bidaia txartelaren prezioa "nabarmen" murriztuta. Hain zuzen, oinarrizko tarifa %25 inguru jaitsiko da, eta erabiltzaileek beste deskontu batzuk ere izango dituzte, Bat txartelaren bidez, joan-etorriko txartelak erosiz, eta beste kontzeptu batzuengatik.

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, emakida berria Autobuses Cuadra enpresari esleitu zaio, hamar urteko aldirako. Arabako hiri arteko garraioaren plan zuzentzailea gauzatzearen emaitza da emakida berria. Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saila plan estrategiko hori ari da garatzen agintaldi honetan, iraungita dauden emakidak berrituz eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskainiz, herritarren eskaera gogobetetzeko.

Bilbo-Logroño lineak bi hiriak lotzen ditu autobidez, Haron geldialdia eginez. Halaber, Arabako Errioxako hainbat herriri ematen die zerbitzua ordu jakin batzuetan, hala nola Bastida, Samaniego, Guardia eta Assari, baita eskualde horrekin muga egiten duten beste batzuei ere, esaterako, Zanbranari. Lezako ospitalean ere izango du geltokia, eta San Vicente de La Sonsierra eta Ábalos udalerrietan ere.

"Emakida berritzeak ekarriko du zerbitzuak eta maiztasunak hobetzea, batez ere asteburuetan, eta bidaia txartelaren prezioa murriztea ere. Oinarrizko tarifa %25 inguru jaitsiko da, eta erabiltzaileek beste deskontu batzuk ere izango dituzte Bat txartelaren bidez eta beste kontzeptu batzuengatik", Jesus Lopez Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko diputatuak azaldu duenez.

Hain zuzen ere, kontuan hartuta kolektibo batzuentzat eta besteentzat ezarritako batez besteko deskontua (Bat, Bat berezi, haurrak eta 26 urte baino gutxiagoko gazteak, 65 urte baino gehiagoko adinekoak, joan-etorrikoak eta abar), erabiltzaileak %35 baino gehiago aurreztuko du indarrean dagoen bidaia txartelaren prezioaren aldean.

MAIZTASUNAK

Lopez Ubiernak azpimarratu duenez, bidaia txartelaren prezioaren murrizketarekin batera, herritarrei ematen zaien zerbitzuan beste hobekuntza bat ere izango da, maiztasunak "nabarmen" gehituko baitira. Horrela, bidaien kopurua, norabide bakoitzeko, seitik zortzi edo bederatzi izatera igaroko da astelehenetik ostiralera, eta zerbitzuak lehen halako bi izango dira, hau da, gaurko lau zerbitzuen ordez, zortzi larunbatetan eta bederatzi igandeetan. "Bidaien urteroko kopurua %55 inguru gehituko da", gaineratu du.

Halaber, emakida berria autobus berriekin hasiko da martxan. Segurtasunean eta eraginkortasun energetikoan ezarri diren azken estandarrei egokituak izango dira ibilgailuak. Bost urtean behin berrituko dira, eta erosotasun handiagoa eskainiko die bidaiariei.

Hala, besteak beste, autobusek ekipamendu hauek edukiko dituzte autobusek: komunak, doako wifi sarea, eserleku zabalagoak hanka erosoago eramateko, segurtasun uhalak, mugikortasun urrituko pertsonentzat egokitutako eserlekuak, aulkiak eta altxagailuak adin guztietako pertsonentzat, entretenimendurako ekipoak. Bideoz zainduriko maletategiak ere izango dituztek, abereak ere eramateko aukerarekin.

Erosotasuna ere handiagoa izango da salmenta bideei dagokienez: leihatiletan ez ezik, web orrietan, mugikorretarako aplikazioetan eta autosalmentako makinetan erosi ahal izango dira.

Azkenik, egungo linearen aldean duen berritasuna da emakida enpresa
esleipendunaren kontura izango dela, arriskua bere gain hartuz, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak ez baitu diruz lagunduko foru aurrekontuaren bidez.