Bilbobus zerbitzu berezia izango da asteazkenean RETAbet Bilbao Basket-Baskonia partidarako

Bilbobus
EUROPA PRESS
Actualizado: martes, 9 mayo 2017 13:55

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak Bilbobus zerbitzuko E1 linea jarriko du martxan asteazkenean, maiatzaren 10ean, RETAbet Bilbao Basket eta Baskonia taldeek Bilbao Arena pabiloian 20:00etatik aurrera jokatuko duten Endesa Ligako euskal derbia dela eta.

Hala, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, autobusak hamar minutuan behin aterako dira Plaza Biribilaren ingurutik partida hasi baino ordu bat lehenagotik. Neurketa amaitutakoan, Bilbao Arenako Askatasuna/Gortazar geralekutik Hurtado Ametzaga 1 geralekura joango dira autobusak, hamar minutuan behin eta geralekuan jendea geratzen den bitartean. Zerbitzua arintzeko, autobusek geldialdi bakarra egingo dute Hurtado Ametzaga 50 geralekuan joanekoan eta Hurtado Ametzaga 15ean etorrian.

Azkenik, Bilboko Udalak gogoratu du Bilbao Arenatik 500 metroko ingurunean metro, tren edo tranbia geralekuak daudela, hiriko auzoetara nahiz inguruko udalerrietara lotura zuzenak dituztenak. Gainera, partida dagoen egunetan taxi geraleku berezia izaten da Askatasuna Etorbideko 11n.