Bilbobus zerbitzu berezia izango da igandean RETAbet Bilbao Basket-MoraBanc Andorra partida dela eta

Publicado: viernes, 28 abril 2017 17:47

BILBO, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak Bilbobus zerbitzuko E1 linea jarriko du abian igandean, apirilaren 30ean, RETAbet Bilbao Basket eta MoraBanc Andorra taldeek Bilbao Arena pabiloian eguerdiko 12:30etik aurrera jokatuko duten Endesa Ligako partida dela eta.

Horrela, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, E1 linea berriko autobusak hamar minutuan irtengo dira Plaza Biribiletik partida hasi baino ordu bat lehenagotik. Neurketa amaitutakoan, Bilbao Arenako geralekutik (Askatasuna/Gortazar) Hurtado Ametzaga 1 geralekura joango dira autobusak, hamar minutuan behin eta geralekuan jendea geratzen den bitartean, zaleak etxeratzea errazteko asmoz. Zerbitzua arintzeko, autobusek geldialdi bakarra egingo dute pabiloira heldu baino lehen Hurtado Ametzaga 50 geralekuan joanekoan eta Hurtado Ametzaga 15ean etorrian.

Azkenik, Bilboko Udalak gogoratu du Bilbao Arenatik 500 metroko inguruan metro, tren edo tranbiako geralekuak daudela, Bilboko auzoetara nahiz inguruko udalerrietara lotura zuzenak dituztenak. Gainera, partida dagoen egunetan taxi geraleku berezia jartzen da Askatasuna Etorbideko 11n.