Bilbok 5.000tik gora plaza eskainiko ditu umeek eta gazteek aisialdia eman eta kirola egin dezaten udan

Publicado: lunes, 12 marzo 2018 13:49

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak 5.060 plaza eskainiko ditu 3 eta 18 urte bitarteko umeek eta gazteek aisialdia eman eta kirola egin dezaten udako oporretan. Plaza horiek, Udalak jakinarazi duenez, lau programarako dira: "Eguneko Udalekuak", "Goizeko Udalekuak", "Udan primeran kirola eginez" eta "Campus Bereziak".

Bilboko Udalak udako udaleku eta tailer hauek bultzatzen ditu aisialdirako aukerak eskaintzeko umeen oporretan, adingabekoen arteko harremanetarako espazioak sortzeko eta udan ere kirola egin dezaten. Horrez gain, programa hauek beste helburu nagusi bat dute: seme-alabak dituzten pertsonei lana eta familia bateratzen laguntzea.

"Goizeko Udalekuak" eta "Eguneko Udalekuak" programetan izena aurretiaz emateko epea astelehen honetan, hilak 12, hasi eta martxoaren 19ra arte luzatuko da. Udalaren arabera, guztira, 2.840 plaza dira 3-12 urteko umeentzat. Programa bietako plazen zozketa martxoaren 22an (osteguna) izango da. Emaitza kontsultatu ondoren, familiek inskripzioa egin ahal izango dute martxoaren 23tik apirilaren 10era bitartean. Udal udalekuetan parte hartzeko baldintza umeak Bilbon erroldatuta egotea da.

"Bilbao Balioen Hiria" goiburupean egingo dira jarduerak eta, hartara, txikienek euren egunean eguneko jardunaren funtsezko ardatz izan behar duten balioak jorratuko dituzte. Gainera, udaleku horietan, Udalak euskararen erabilera sustatuko du, ohiko hizkuntza izango baita komunikaziorako, eta, aldi berean, ez du ahaztu ingelesa bultzatzeak duen garrantzia; halandaze, programa horietako jolas eta jarduera batzuk ingelesez egingo dira egunean ordubetez.

"Eguneko udalekuak" 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Aurten, guztira 2.240 plaza eskaini dira eta aurreko edizioetan bezala, "Eguneko Udalekuen" kasuan familiak astebete, 2 edo 3 aukeratu ditzake. Ekainaren 25ean hasi eta abuztuaren 31n amaituko dira. Aste Nagusiko astean ez dira udaleku hauek eskainiko, hau da, abuztuaren 20tik 24ra bitartekoan. Hiriko auzoetako ikastetxeetan egingo dira, alde horretatik, Udalak dioenez, aurten bi ikastetxe gehiago daude, Txurdinaga-Otxarkoagako barrutian, Birjinetxe ikastetxea, eta Zorrotzako Fray Juan ikastetxea.

Udalekuen ordutegia malgua izango da. Sarrera 09:00etatik 09:30era bitartean izango da eta irteera 16:00etatik 16:30era bitartean. Prezioa, berriz, 53,45 euro asteko (40,07 euro familia ugarientzat eta 13,35 euro DDSBE jasotzen duten familientzat).

"Goizeko Udalekuak" izango dira urte honetako nobedadea. Bilboko Udalak 600 plaza eskaintzen ditu 3 eta 5 urte arteko umeentzat goizeko orduetan bakarrik. Sarrera malgua izango da, 09:00etatik 09:30era, eta, hortaz, ez da jantokiaren zerbitzurik egongo.

Udalekuak ekaineko aurreneko hamabostaldian egingo dira "Eguneko Udalekuen" ikastetxe berberetan, seme-alaba bat baino gehiago duten gurasoei umeak eraman eta ekartzeko lana erraztuz. Familiek astebete edo bi aukeratu ditzakete parte hartzeko. Udaleku hauen kasuan, prezioa 16,02 euro asteko (13,35 euro familia ugarientzat eta 8 euro DDSBE jasotzen duten familientzat).

"UDAN PRIMERAN KIROLA EGINEZ" ETA "CAMPUS BEREZIAK"

Aurreko urteetan bezala, aurtengo udan ere "Udan primeran kirola eginez" eta "Campus bereziak" programak abiatuko ditu Udalak. Bilbao Kirolak erakundeak antolatzen ditu programa horiek. Helburua 6-18 urteko adingabekoek kirola egin dezatela da eta lana eta familia bateratzen laguntzea. Guztira, 2.220 plaza dira, horietako 30 dibertsitate funtzionala dutenentzat gordeak.

Programa hauetan izena emateko epea apirilaren 25ean zabalduko da, Bilbao Kirolak-eko abonatuentzat eta apirilaren 27an abonatu bakoentzat. Inskripzio guztiak zein-nahi kiroldegitako salmentarako makinetan egin behar dira.

Sarrerako orduak malguak izango dira, 08:30etik 09:00etara bitartean eta irteera 14:00etatik 14:30era bitartean. Jarduerak euskaraz eta erdaraz egingo dira; hala ere, euskara izango da ohiko hizkuntza komunikaziorako.

"Udan primeran kirola eginez" ekainaren 25ean hasi eta abuztuaren 10ean amaituko da. Interesdunek nahi hainbat asterako apunta daitezke. 6 eta 12 urte arteko 2.025 umek honako jarduera hauek egin ahal izango dituzte: ur jolasak, herrikoak, alternatibakoak, igerilekua, taldeko kirolen hastapenak (saskibaloia, eskubaloia, futbola, boleibola, hokeya ... ), herri kirolak, tenisa eo padela, besteak beste.

Azkenik, "Campus Bereziak" 195 plaza eskainiko ditu 6 eta 18 urte arteko ume eta gazteentzat. Artxanda, San Ignazio eta Txurdinagako kiroldegietan egingo dira ekainaren 25tik uztailaren 2ra arteko asteetan. Kasu honetan ere interesdunek nahi hainbat aste aukeratu ditzakete. Campus horietako parte hartzaileek kirol hauek egin ahal izango dituzten: dantza modernoa, erraketaz egiten diren kirolak, gimnasia erritmikoa, gimnasia artistikoa eta tranpolina. "Kirol Campus Berezien" prezioa 76 eurokoa da abonatuentzat eta 182 abonatuta ez daudenentzat.

"Udan primeran kirola eginez" eta "Campus Bereziak" programetarako, Udalak autobus-zerbitzua jarriko du uriko zenbait lekutatik Artxandako kiroldegira joan ahal izateko. Aukerako zerbitzu honen kostua 20 eurokoa izango da.