Bilbok eta Santanderrek "Bertatik Bertara" laguntzen programa finantzatzen jarraituko dute

Actualizado: lunes, 7 noviembre 2016 13:27

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   "Bertatik Bertara" laguntzen deialdiak jarraipena izango du Bilboko eta Santanderreko udalek zuten akordioa berritu ondoren. Programaren bidez kulturaren sektorean loturak estutzen dituzte eta sormen proiektu komunetan lan egiten dute bi hiriek. Urteko lehen hiruhilekoan argitaratuko dira deialdiaren edizio berriko oinarriak.

   Bi udaletako Kultura zinegotziek, Santanderreko Miriam Díazek eta Bilboko Nekane Alonsok, hala erabaki dute Bizkaiko hiriburuan egin duten bileran. Topaketan, Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura Saileko zuzendariak, Justo Ezenarro Bilboko Udalaren Kultur Programazioko zuzendariordeak eta Marcos Díez Santander Creativa Fundazioko zuzendariak ere parte hartu dute.

   "Santander-Bilbao. Bertatik Bertara" laguntzen programaren oinarriak urteko lehen hiruhilekoan argitaratuko dira eta, aurreko edizioetan bezala, proiektu bat batera diseinatzen duten bi hirietako enpresa, elkarte eta kultur eragileentzat izango dira. Bi hirietan garatzen den proiektu baten ideia batera sortzea eta garatzea da helburua.

   Horretarako 40.000 euro egongo dira. Bilboko Udalak eta Santander Creativa Fundazioak (FSC), aurreko edizioetan bezala, erdi bana jarriko dute dirua, hau da, bakoitzak 20.000 euroko ekarpena egingo du. Diru laguntzen helburu nagusia egoitza Santanderren edo Bilbon duten enpresek, profesionalek edo entitateek kultur eta sormen arloko proiektuetan elkarrekin lan egiteko pizgarria izatea da, baldin eta proiektu horiek hiri bietako batean zein bestean nahiz bietan garatzekoak badira.

   Lau proiektu dira diruz lagunduko direnak, eta bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu, zergak, gastu eta kostu guztiak barne. Proiektuek berritzaileak izan behar dute eta bi hirietako kultur eragileek elkarrekin eginak. Lehentasuna izango dute Bilbon eta Santanderren jarduerak egitea planteatzen dutenak.

   Epaimahaia bi udaletako kultur arloko kideek osatuko dute eta deialdiko oinarrietara ondoen egokitzen diren lau ekimenak aukeratuko dituzte. Proiektu bakoitzak 10.000 euroko ekarpena jasoko du. Proiektuak 2016an garatuko dira eta gehien jota 2017ko martxoaren azken egunean egon beharko dute amaituta.

   Oinarri guztiak www.bilbao.eus eta www.fundacionsantandercreativa.es webguneetan kontsulta daitezke eta urteko lehen hiruhilekoan argitaratuko dira.

KULTUR ASTEA

   Bestalde, aurten, "Bertatik Bertara" kultur astea Bilbon izango da, eta udala, dagoeneko, jardueren programa prestatzen ari da. Iaz, Santanderren, lan topaketa profesionalak egon ziren eta sormeneko laborategi batzuk abian jarri ziren, bi hirietako artisten eta sortzaileek parte hartzearekin.

   "Bertatik Bertara" 2012an hasi zen gauzatzen, Íñigo de la Serna Santanderreko alkateak eta Iñaki Azkuna Bilboko orduko alkateak kulturan, sustapen turistikoan eta enpresen sustapenean lan egiteko erakunde bien arteko akordioa sinatu zutenean.

   Ordutik, jarduera hauek garatzeko hiru jultur aste izan dira: bi Santanderren, 2013an eta 2015ean, eta bestea Bilbon, 2014an. Besteak beste, profesionalen topaketak, kontzertuak, antzerki-zikloak eta erakusketak egon dira, guztira, ehun ekitalditik gora.