Bilboko 14-17 urteko gazteak bideoak euskaraz sortu eta editatzera animatzeko B-Tuber programa abian

B-Tuber abiatu dute Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 21 noviembre 2017 12:58

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak B-Tuber egitasmoa jarri dute abian elkarlanean, hirian erroldatutako 14-17 urteko gazteei bideoak euskaraz sortzera eta editatzera eta bideook YouTube bidez ezagutaraztera animatzeko asmoz. Kanpainaren baitan, Bilbok Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 10.000tik gora informazio orri banatuko ditu aste honetan adin horretako gazteak bizi diren etxeetan, "B-Tuberren alderdi ludikoa eta prestakuntzaren arloa azaltzeko eta, bide batez, proiektuan parte hartzera animatzeko".

Bere arduradunek azaldu dutenez, YouTuben euskararen erabilera zabaltzeko asmoarekin sortu da B-Tuber, YouTtube baita gazteek aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat. Aldi berean, ekimenean parte hartzen dutenek aukera izango dute YouTuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko, eta kanalak sortzeko eta gestionatzeko ezaguera teknikoak eskuratzeko.

Bada, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean, San Ignazioko Euskararen Etxean 12na orduko hiru ikastaro eskainiko dira. Ikastaro bakoitza hiru egunetan egingo da, euskara hutsean emango dira eta irakasleak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informazio eta Komunikazio Zientzien Fakultateko graduko ikasleak izango dira.

Ikastaroetan gai interesgarriak landuko dira benetako "youtuber" bihurtu nahi dutenentzat, esaterako: YouTuben kontu bat sortzeko urratsak, izena ematea YouTubeko kanaletan, profila pertsonalizatzea, "videopad" programarekin grabaketak eta muntaiak egitea, musika jaistea eta post-produkziorako beste pertsona batzuen irudiak erabiltzea edo bisualizazio gehiago izateko estrategiak.

B-Tuberren izena emateko epea datorren astelehenean hasiko da, azaroaren 27an, eta abenduaren 17an bukatu. Lehenago, informazio orriak banatu eta beste ekintza osagarri batzuk egingo dira. Horrela, besteak beste, Bilboko ikastetxeetara mezua bidaliko da posta elektronikoz eta Bilboko Udalaren eta Azkue Fundazioaren web orrietan eta sare sozialetan ekimenaren berri zabalduko da.