Bilboko alkatea, Hiri Indarkeriei eta Bizikidetza eta Bakerako Hezkuntzari buruzko Munduko Foroan, Madrilen

Juan Mari Aburto eta Manuela Carmena
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 20 abril 2017 16:40

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Hiri Indarkeriei eta Bizikidetza eta Bakerako Hezkuntzari buruzko Munduko Foroaren osoko bilkura batean parte hartuko du ostiralean, apirilaren 21ean, Manuela Carmena Madrilgo alkatearen gonbidapenari erantzunez, eta "Bilbo, Balioen Hiria" proiektua aurkeztuko du.

Zehazki, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, "Bakerako Hezkuntza eta Balioak" osoko bilkuran mintzatuko da Aburto, beste zenbait parte hartzailerekin batera, hala nola Fernando Medina Lisboako alkatearekin batera.

Madrilgo Udalak antolatutako Hiri Indarkeriei eta Bizikidetza eta Bakerako Hezkuntzari buruzko Munduko Foroak tokiko buruzagien, nazioarteko erakunde eta sareen eta GKE eta gizarte zibilaren arteko harreman eta hausnarketarako gunea izan nahi du, eta esperientzien, estrategien, kanpainen eta politiken trukearen bidez, hirien bakerako agenda lantzea du xede.

Bilboko Udalaren arabera, berriki onarturiko Nazio Batuen Hirien eta Garapen Iraunkorraren Helburuen Agendak nazioartean hiriek hartu duten garrantzi hazkorra eta giltzarri izaera erakusten ditu. Horregatik, eta legealdiaren hasieran zehaztutako plangintzari jarraikiz, Bilboko alkateak hiriak garatzeko mugimendu eta estrategia garrantzitsuenetan presente egon eta parte hartu nahi du.

"BILBO, BALIOEN HIRIA"

Honela, Aburtok "Bilbao, Balioen Hiria" proiektu berritzailearen etapen nondik norakoak azalduko ditu. Lehenengo fasean bilbotarrek funtsezkotzat jotzen dituzten balioen gaineko inkesta izan da ardatza. Jasotako 1.200 inkesten emaitzen arabera, elkartasuna eta ahalegina dira gizarteak gehien baloratzen dituen balioak, eta ondoren, sormena, giza eskubideekiko errespetua eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

Gaur egun, Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin, Bilboko Udalak bigarren faseari ekin dio. Erakunde sozialen, alderdi politikoen, Hiri Kontseiluaren, Barruti Kontseiluen eta Kontseilu Sektorialen sozializazioan, parte hartzean eta elkar sorkuntzan dago oinarrituta, eta bi alderdi nagusi ditu: batetik, balioen inguruan hirian egiten ari diren ekimenak partekatu eta nabarmentze aldera praktika onen mapa lantzea, eta bestetik, hirian garatu eta finkatu beharreko balioetan sakontzeko abian jarri beharko liratekeen ekimen berriak identifikatzea.

Azkenik, proiektuak bi emaitza izango ditu: alde batetik, urteko azken hiruhilekoan udal osoko bilkurak onartuko duen Bilboko Balioen Karta (onartu ostean hala nahi duten hiriko elkarte guztiek ere bat egin ahal izango dute), eta bestetik, Balioen Karta sustatu eta garatzeko plan osoa landu eta abian jartzea.