Bilboko Artazu Goikoko Iraleko irakasle taldeak Euskaltzaindia bisitatu du

Artazu Goikoko Iraleko irakasleak, Euskaltzaindian
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 17 septiembre 2014 13:42

BILBO, 17 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Artazu Goikoko Iraleko irakasle talde batek Euskaltzaindia bisitatu du gaur, irailaren 17an. Aritz Abaroa EHHA egitasmoko teknikariak gidatu ditu bisitariak, bi eratara: batetik, euskara eta Euskaltzaindiaren historiaz hitz egin die, mintzaldi batean, eta bestetik, egoitza -osoko bilkuren aretoa eta Azkue Biblioteka, besteak beste- barrutik erakutsi die.

Akademiak jakinarazi duenez, bisita hauen xede nagusia Euskaltzaindiaren lana ezagutaraztea da. Hortaz, euskara zaindu, ikertu, zabaldu, babestu edota arautzea helburu duen erakundearen nondik norakoa azaltzen da. Euskarari buruz ere hitz egiten da.

Jorratzen diren gaien artean daude euskararen jatorria, honen gaineko teoria desberdinak eta euskara idatziaren lehen urratsak; Akademiaren historia; gaur egungo Akademia; eta Euskaltzaindiaren webgunea eta bertan aurkitu daitezkeen tresnak.

Gaur egindako bisitaren hasieran, Iraleko irakasleek esker oneko bertso bi bota dizkiote Aritz Abaroari, Euskaltzaindia ezagutzeko aukera emateagatik.