Bilboko Berreginen Museoak Manuel Balsa "El Ruso" Aire Libreko X. Akuarela Lehiaketa egingo du larunbatean

Akuarela lehiaketa
BERREGINEN MUSEOA
Actualizado: viernes, 25 mayo 2018 16:46

BILBO, 25 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Berreginen Museoak Manuel Balsa "El Ruso" Aire Libreko X. Akuarela Lehiaketa antolatu du, eta margolaritza maite duten guztiek parte hartu ahalko dute, ume zein heldu. Lehiaketa larunbatean egingo da, maiatzaren 26an, Bilbo Zaharrean, eta helburua izango da Bilbo Zaharreko eta San Frantziskoko hiri paisaia ondoen islatzen duen artelana aurkitzea.

Izen-ematea astean zehar izan da, baina lehiaketaren egunean ere onartuko dira museoan bertan, 08.30etik 10.00etara. Artistei frogagiri bana emango zaie, eta lehiaketaren egunean aurkeztu beharko dute. Epez kanpo ez da izen-ematerik onartuko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, pinturaren euskarriari, hau da, oholari eta akuarela paperari, San Frantzisko kaleko 14an jarriko zaio zigilua, 08.30etik 10.00etara. Euskarriaren alde biek ezin dute 50 cm baino txikiagoak izan, ezta 116 cm baino handiagoak ere. Egile bakoitzak artelan bakarra aurkeztu ahalko du. Artistek ekarri beharko dute lana egiteko beharrezkoa duten material guztia.

Sariak hauek izango dira: lehen saria, 1.000 euro; bigarren saria, 500; hirugarren saria, 250 euro; umeentzako sari berezia, eta Berreginen Museoaren margolaritza ikastaroko ikasleentzako sari berezia. Gaian adituak diren pertsonek osatutako epaimahaiak aukeratuko ditu artelan irabazleak. Gainera, litekeena da aurkeztutako artelanetariko batzuk Berreginen Museoko gela batean ikusgai jartzea.