Bilboko Euskalduna Jauregiaren handitzeak 36 milioiko ekarpena egingo diola ekonomiari esan du Bizkaiko ahaldun nagusiak

Euskaldunako handitzea bisitatzen izan dira
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 13 diciembre 2011 18:55

BILBO, 13 Dic. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Euskalduna Jauregiaren handitzeak eragingo duen diru sarrera bikoiztu egingo du egindako inbertsioa. Tamaina handia eta forma diferenteak dituen estalki metalikoa nagusi izango da gune zentral berrian, irudi industriala emanez, eta azpiegituraren handitzea erabiltzeak, egingo diren nazioarteko biltzar handiak direla-eta, 36.688.761 euro inguruko eragin positiboa izango du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) BPGan, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok esan duenez.

Bilbaok, Kultura diputatu Josune Ariztondok eta Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusi Jon Ortuzarrek Biltzarren Jauregia handitzeko obrak bisitatu dituzte gaur, obra horien bilakaeraren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko.

Orain arte, 2012ko maiatza eta 2015eko maiatza artean, zehazki, 11 biltzar daude hitzartuta. Horri esker, 36 milioi eurotik gorako ekarpen ekonomikoa lortuko da, hau da, eginiko inbertsioaren bikoitza. Horrez gain, biltzar horietara joango diren 22.000 profesional baino gehiago egongo dira Bizkaian.

Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskalduna Jauregia handitzeko obren bisitan egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, "gaur egun, 2012ko maiatzetik 2015eko maiatzera, hamar biltzar handi daude konprometituta, biltzar horietako bakoitzera 1.000 pertsona baino gehiago etorriko dira eta horren eragin ekonomikoa 36 milioi eurokoa izango da, obraren kostuaren bikoitza, handitzearen inbertsioa 18.845.000 eurokoa da-eta".

Era berean, Bilbaok nabarmendu du datozen urteetan Euskaldunan izango diren Estatuko eta nazioarteko biltzar handiek "eragin ekonomiko handia" izango dutela Bilbo, Bizkaia eta Euskadirentzat. "Eta Bizkaian, ekonomia jarduera, enplegua eta aberastasuna sortzeko asmoarekin, handitze honen aldeko apustua egin dugu", gaineratu du.

HANDITZEA

Euskalduna Jauregiko estalki berriak kanpoko izaera propioa emango dio barrutiari, eta seguruenik Abandoibarrako hirigunearen erreferentzietako bat izango da arkitektura aldetik. Guztira 2.800 metro karratuko azalera izango du. Tamaina eta inklinazio-gradu diferenteak dituzten 40 panelek osatuko dute, eta altzairu herdoilezin leunduz egina izango da, hain zuzen ere itsasoarekin zerikusia duten jardueretan erabiltzen den altzairuaz.

Bere formaren ezaugarria, 30 eta 72 zentimetro arteko altuera duen gailur-lerro batek eta haranek osatutako panorama izango da. Suitzako Garraioaren Museoak, Luzernan, herri hartan gehien bisitatzen den museoak, Euskaldunak izango duenaren antzeko geometria duen estalkia izango du. Atondoa, areto berria, atzeko argiztapena duen panela, harrera-gunea eta kanpoko fatxada dira orain egiten ari diren beste lan batzuk.

BILTZARRAK

Aipatu bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta, handitzea amaitu ostean, hitzartutako 11 biltzar handi egingo dira Euskaldunan, guztiak hiru eta lau eguneko iraupenarekin, 2015era arte.

Horrela, SEIMC 2012 XVI. Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Espainiar Elkartearen Biltzarra egingo da 2012ko maiatzaren 8tik 11ra (1.600 partaide), eta Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko X. Nazioarteko Biltzarra, 2012ko maiatzaren 22tik 25era (2.000 partaide).

Halaber, El Sol Komunikazio Publizitarioaren Jaialdi Iberoamerikarra 2012ko maiatzaren 31tik ekainaren 2ra egingo da (1.800 partaide), eta Familia eta Erkidego Medikuntzaren Espainiako Elkartearen 32. Biltzar Nazionala, 2012ko ekainaren 11tik 16ra (3.000 partaide). Health Technology Assessment Internacional - 9th Annual Meeting Bilbao 2012 biltzarra, 2012ko ekainaren 23tik 27ra (1.300 partaide) ospatuko da, eta Espainiako XVI. Psikiatria Biltzar Nazionala, 2012ko irailaren 24tik 28ra (2.200 partaide).

Gainera, Hydro 2012 International Conference And Exhibition biltzarra urriaren 27tik 31ra egingo da (2.000 partaide), eta Espainiako XVIII. Ospitaleen Biltzar Nazionala -SEDISA eta ANDE-, 2013ko otsailaren 19tik 22ra (2.000 partaide).

Azkenik, Espainiako Nefrologia Elkartearen XLII. Biltzar Nazionala 2013 (1.500 partaide), Espainiako 90. Oftalmologia Biltzar Nazionala 2014 (2.500 partaide) eta Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkartearen (SEGO) XXXIII. Biltzar Nazionala (3.000 partaide) ere egingo dira Euskaldunan.