Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak "Itsasturiak. La gente del mar" erakusketa irekiko du astelehenean

Erakusketak biltzen duen argazkietako bat
Foto: EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA
Actualizado: viernes, 15 febrero 2013 13:51

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak (EKE) ekoiztutako "Itsasturiak. La gente del mar" aldi baterako multimedia erakusketak izango da ikusgai Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan otsailaren 18tik ekainaren 30era bitartean, Donibane Lohizunen 2011n estreinatu eta Biarritz, Baiona eta Irisarrin izan ondoren. Itsas munduaren lekukotasun berri bat eskaintzen du erakusketak, Donibane Lohizune eta Ziburuko marinelen eskutik.

   Antolatzaileek azaldu dutenez, erakusketaren gaia arrantzaren XX. mendearen hasieratik gaur egunera arteko bilakaera da. Bere ikuspegia ez da bakarrik historikoa, gaur egungo arrantzaren egoera eta erronken berri ere ematen baitu. Arrantzaren historia eratu duten gizon-emakumeak balioztatzea eta gorazarrea eskaintzea du helburu erakusketak.

   Sei eremuz osatua, ikus-entzunezkoen bidez, arrantzale, beren emazte, saregile, arrain saltzaile edota ontzietako erizainen testigantzak aurkezten ditu erakusketak, hainbat artxibategitatik bildutako dokumentu eta protagonistek beraiek utzitako argazkiez gain.

   Bestalde, erakusketarekin batera hitzaldi ziklo bat ere antolatu da. Lehen saioa otsailaren 28an izango da, Mikel Epaltza itsas-misioaren apez omonierrak emango duen "Ipar Euskal Herriko arraintza, lehen eta orain" hitzaldiarekin.

   Jean-François Larralde arte historialariak "La representación del mar en el arte de Iparralde" hitzaldia eskainiko du martxoaren 14an, eta bukatzeko, Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria "Iparraldean, zertan dira euskara eta euskal kultura?" gaiaz mintzatuko da apirilaren 4an.

   Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak datorren astelehenean, otsailaren 18an, inauguratuko du "Itsasturiak" erakusketa, arratsaldeko 19:00etan, eta han izango dira Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria.