Bilboko Kafe Antzokiak eta Algara Konpartsak egitarau musikal zabala landu dute Aste Nagusirako

Amaia Lekunberri Ansola
AMAIA LEKUNBERRI ANSOLA
Actualizado: lunes, 12 agosto 2013 20:44


BILBO, 12 Ago. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Kafe Antzokiak eta Algara Konpartsak egitarau kultural zabala landu dute aurtengo Aste Nagusirako. Abuztuaren 17tik 25era bitartean eskaintza kultural eta musikal zabala eskainiko dute bai batak zein besteak.

Kafe Antzokian rock doinuak nagusituko dira Aste Nagusiko gauetan. Larunbatean, abuztuak 17, Guadalupe Plata, Dead Bronco eta Last Fair Deal taldeak izango ditugu oholtza gainean. Andaluziatik datoz lehenak psycobilly ukituak dituen beraien blues zikin eta ilunarekin. Dead Bronco ostera ez datoz hain behetik, broncobilly bezala bataiatu duten rock, punk, country eta folk nahastea egiten duten hauek Getxotik baitatoz. Last Fair Deal taldeak, bestalde, 70eko urteetako rock-a egiten du eta gaurko Rory Gallagher-en kantuetan oinarritutako errepertorioa landu du bereziki.

Dena ez da izango rock-a ostera, eta igandean, abuztuak 18, reggae doinuak nagusituko dira. 70eko hamarkadan Same song doinuarekin ospetsu egin ziren Israel Vibration jamaikar talde mitikoa izango da egun honetako izarra. Gau berean, King Burning Sound taldea ere ikusi ahalko da.

Ostegunean, abuztuak 22, Josh Rouse Folk pop kantari estatubatuarra oholtzaratuko da. Josh Rousez gain, azken orduan gehitutako Garrett Travis Klahn arituko da, Texas Is The Reason taldeko kantaria. Bakarka arituko da, show akustikoa eskainiz. Berak irekiko du kontzertua 30 minutuko show batekin.

Ostiralean, abuztuak 23, berriro rock doinuetan murgilduko da Antzokia The Riff Truckers eta MobyDick & Band taldeekin. Gernikako The Riff Truckers taldeak Healing the soul diskoa atera berri du. MobyDick, bestalde, Eneko Burzako getxoztarraren alter ego-a eta bakarkako proiektua dugu. Talde batek lagunduta etorriko da crowdfunding bidez finantzatu duen Cotard delusion diskoa aurkeztera.

Kafe Antzokiaren egitarau musikalarekin eta Aste Nagusiarekin amaitzeko, abuztuaren 24an, larunbata, Cápsula, The Allnighters, eta Screamin' George & The Hustlers taldeak izango dira eszenatokian. Cápsula euskal-argentinar taldeak bere rock indartsua ekarriko dute, The Allnighters gasteiztar, aldiz, rithm & blues doinuak, eta Screamin' George & The Hustlers bilbotarrek R'N'Rren eta garage punk-aren soinu ilunetatik edaten emango diote publikoari.

ALGARA MUSIKATUAK

Bere partetik, Algara Konpartsak ere eskaintza musikal zabala sartu du jaietako programazioan. Kalitatezko musika doan entzuteko aukera emango die hurbiltzen direnei.

Igandean, abuztuak 18, Bilboko Cherry Boppers eta Akatz taldeen zuzenekoak ikusteko aukera izango da. Soul funk doinuak eta Skatalites taldearen musika entzuteko parada ederra.

Astelehen arratsaldean, abuztuak 19, Habanako Bi Deak - Las dos D ahizpak izango ditugu doinu kubatarrez gain euskarazko hainbat abesti kantatzen. Makala Jazz Funk Band taldeak itxiko du gaua.

Asteartean, abuztuak 20, Bon Scott Revival Show eta Ramonetarrak izango dira, hurrenez hurren AC/DC eta Ramones taldeen gorazarre taldeak.

Asteazkenean, abuztuak 21, Willis Drummond hendaiarrak eta Belako taldea mungiarrak izango dira eszenatokiaren jabe. Willis Drummond azken urteetan bere rock alternatiboarekin Euskal Herriko musika eszena astoratzen dabilen taldea dugu, eta Mungiatik datorren Belako ere, astoramendu horri bidea ematearekin mehatxu egiten duen talde gaztea dugu. Galdu ezineko ikuskizuna.

Amaitzeko, ostiralean, abuztuak 22, Mikel Inunziagaren "Hirian Bakarrik" kantaldia izango da iluntzean.