Bilboko Orkestra Sinfonikoak 90 urte beteko ditu denboraldi honetan

BOSek 90. urteurrena ospatuko du ekitaldi berrian
Bilboko Orkestra Sinfonikoa
Actualizado: martes, 4 octubre 2011 14:40

BILBO, 4 Oct. (EUROPA PRESS) -

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) denboraldi berria aurkeztu du gaur, urriaren 4an, Bilboko Euskalduna Jauregian. Aurtengo denboraldian 90. urte beteko ditu orkestrak, zehazki, 2012ko martxoaren 8an, Armand Marsick maisuak batuta lehen aldiz altxatu zuenetik. Arriaga Antzokian izan zen, Bizeten "Patria" oberturari hasiera emateko, orkestraren lehen kontzertuan, Bilboko talde sinfonikoak osatzen zituzten 70 irakasle inguru aurrean zituela.

Orain, 90 urte geroago, orkestra hazi egin da kideei eta baliabideei dagokienez, baina ez du aldatu lehen gau hori ahalbidetu zuen musika handia egiteko grina. Data hori ospatzeko, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Günter Neuhold bere zuzendari artistikoak obra famatu bat eskainiko dute: Arnold Schönberg-en "Gurrelieder" paregabeak. Musikaren historian oso garrantzitsua izan arren eta ehun urte baditu ere, estreinaldia izango da Bilbon.

"Kulturari argia emanez" da BOSen 90. urteurrenaren ospakizunaren goiburu nagusia, Ariztondok iragarri duenez. "Ezin zitekeen hobeagorik aukeratu. Hain zuzen ere, BOSek azken 90 urteotan Bizkaiko kulturari argia ematen ibili delako. Argia ematen ibili delako orkestraren eremu nagusia den gure hiriburuan, baina baita ere Bizkaiko gainerako herrietan ere, edo Bizkatik kanpo gure lurraldearen izena zabalduz egindako irteera eta biretan".

Denboraldian, musikariei haien onena emateko eskatuko dieten obrak egongo dira: Bruckner-en "Zazpigarren sinfonia", Stravinsky-ren "Petrushka" eta Bartok-en "Kontzertua orkestrarako". Horrez gain, orkestraren errepertorio zabala osatzen duten beste obra batzuk ere entzun ahal izango dira, hala nola Tchaikovsky-ren "Patetikoa", Schubert-en "Bederatzigarrena", Beethoven-en "Seigarrena" eta Brahms-en "Hirugarrena".

Halaber, denboraldiak lau hitzordu nagusi izango ditu: Jazz Gaua, Inauterietako Kontzertua, Udaberriko Kontzertua eta Gabonetako Kontzertua. Aurtengo abonu tematikoak lau programa izango ditu ardatz. Programa horietan nazioartean oso ospetsuak diren lau bakarlarik errepertorioko lau obra handi izango dituzte aurrez aurre.

2011-2012 ikasturtean denboraldiko 17 kontzertu emango ditu, azken urteetan baino bat gutxiago. Arrazoia da, austeritaterako eta aurrekontuari eusteko konpromisoaren ondorioz, BOSek ere ahalegin bat egin behar duela. Prezioak 2010-2011 denboraldian egon direnen antzekoak izango dira; ez da ahaztu behar 2008-2009 denboralditik prezioak ez direla igo eta, leku batzuetan, jaitsi ere egin direla.

SARRERAK

Sarrerak aurretiaz erosteko sistemak gero eta bezero gehiago erakartzen ditu, BOSek kontzertuetara doazenei eskaintzen dizkien sarrerak erosteko aukeren artean. 2011-2012 denboraldian mantendu egingo da sarreren prezio ofizialaren gaineko %20ko deskontua.

BOSek denboraldia aurkezteko hitzaldi publikoak ere antolatuko ditu. Hala nahi duten abonatuek eta bere kultura-eskaintzarekiko interesa duten pertsonek gure programazioaren ezaugarriak zehatzago ezagutzeko aukera izan dezaten. Hitzaldiak doakoak izango dira, baina plaza erreserbatuko da, lekua bete arte.

"Erronka horiek guztiak betetzen joan dira urte luze horietan eta 2011-2012 denboraldia ez da salbuespena izango. Ohi bezala, BOSek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izango du zeregin horietan, eta bide batez nahiko nuke esan erakunde hau harro sentitzen dela BOSek egiten diharduen lanarekin", azpimarratu du Ariztondok.

BOSek 1922an ekin zion bere jarduerari eta urte horretan jaio zirenekin ospatu nahi du bere urtebetetzea. Horretarako, denboraldiko kontzertu bakoitzean 20 sarrera eskainiko zaizkie, doan, 1922an jaiotakoei. Eskaintza honetan parte hartzeko era erraza da: BOSetik pasatu behar dira, bulego-orduetan, eta jaiotza-data egiaztatu ondoren, sarrera hartu ahal izango dute, doan.

Eskaintza 2011-2012 denboraldiko programa guztietarako da, eta kontzertu bakoitzeko 20 gonbidapen egongo dira, gehienez. Sarrerak eman ondoren, eskaintza itxi egingo da kontzertu zehatz horretarako.