Tranbia bereziak izango dira bihar Bilbon, Athleticen eta Atletico Madrilen arteko partidarako

Tranbia Bilbon
Foto: Europa Press
Actualizado: martes, 28 enero 2014 13:04

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Euskotrenek Bilboko tranbiaren maiztasunak areagotuko ditu asteazken honetan, urtarrilaren 29an, San Mamesen iluntzeko 20:00etan hasita Athleticek eta Atletico Madril taldeek jokatuko duten partidara doazen pertsonen joan-etorri beharrak betetzeko.

   Horrela, hamar minutuz behin izaten den ohiko zirkulazioaz gain, beste bi zerbitzu berezi ere eskainiko zaizkie erabiltzaileei, Pio Barojatik Ospitalerantz 19:31n eta 19:41ean. Norgehiagoka amaituta, tranbiaren zirkulazio berezia jarriko da martxan La Casillatik 21:47an eta Ospitaletik 21:57an Atxurirantz, ohiko zerbitzua indartzeko.

   Luzapena egotekotan, zerbitzu berezia martxan izango da Ospitaletik Atxurirantz 22:37an. Unitate berezi horiei esker, geraleku horietan dauden bidaiari guztiak eraman ahal izango dira.

   Bilboko tranbiarako sarrera errazagoa eta azkarragoa izan dadin,  Euskotrenek ordaintzerakoan Barik erabiltzea gomendatzen du. Informazio gehiago lortzeko asmoz, erabiltzaileek 902 543 210 telefono zenbakira dei dezakete edo tranbiaren www.euskotren.es webgunea kontsulta dezakete.